Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Ipar Afrika eta gu
Michael Allan irakaslea ezagutu nuen duela bi aste, Oregoneko Unibertsitatera egindako bisitan. Ipar Afrikako literaturan aditua da Allan; bere arloak, orain arte, ez du arreta handirik piztu, baina Ipar Afrikan jazotzen ari denaren ostean, aurrerantzean gauzak bestelakoak izango direla uste du. Luze egon ginen Allan eta biok berbetan, batik bat Mendebaldeak bere burua justifikatzeko duen beharraz, «Ipar Afrikako erreboltak Mendebaldearen balio `demokratikoen' eraginari esker gertatu dira», esan dute batzuek. Halako batean, bota nion Ipar Afrikarekin, Marokorekin zehatzago esanda, zerikusia duten bi liburu atera berri direla euskaraz: Mohamed Xukriren «al-Khubz al-Hafi» lanaren itzulpena, eta berbere hizkuntzaren lehen gramatika egilearekin hasi, «moro» izendapenarekin jarraitu eta euskaldunen egoerari buruzko gogoetarekin amaitzen den Joseba Sarrionandiaren liburua. Datua aipagarria egin zitzaion, baina ez zuen aparteko komentariorik egin.
SOS Arrazakeriak egindako txostenaren arabera, arrazakeria kasuak ugaritu egin dira azken bi urteetan Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Krisi ekonomikoarekin lotu dute etorkinekiko jarrera aldaketa, baina zalantza dut ea jarrera aldaketarik gertatu ote den benetan edota lozorroan zen sentipena, «moro» eta zuria ez denarekiko gorrotoa, berriro agerian geratu dela. Allanekin izandako elkarrizketarekin gogoratu naiz, batez ere berak Mendebaldeak bere burua eta ekintzak justifikatzeko beharrari buruz esandakoaz. Sarrionandiaren azken liburua ere etorri zait burura, eta zeinen beharrezkoa zaigun horren moduko lan gehiago irakurtzea mitoak hauste aldera.