GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Esku-zartak

Hau da gure eguneroko ogia, Frantziak eskaintzen diguna. Gure zergekin ordaintzen dutena: gerla eta zentral nuklearrak. Ez dugu horren beharrik

Esku-zartak entzun dira Hendaiako herriko etxearen aitzinean larunbat arratsaldean. Laurehun bat pertsona bildu ziren bi astez Irati Tobar, Xabi Hirigoien eta Iker Elizaldek egin duten gose grebari bukaera emateko. Irati hautetsiz inguraturik heldu zen plazara, atxilotua izateko arriskuan baitago uneoro. Bi aste Euskal Herriko gazteriari gertatzen zaiona jakinarazten saiatzeko. Ez da gauza erraza familia uztea eta bi astez protesta hau eramatea euskal gatazka isiltasunez inguratua delarik, politikariak hemen gertatzen dena gutxiesten etengabe saiatzen direlarik.

Lorpenak, etekinak meheak dira oraindik, aste berean euroaginduarekin hiru militante Espainiaren eskuetan jarri baititu Frantziak, baina injustizia argi gelditzen ari da. Ez da gutxi, lan asko gelditzen da egiteko. Hendaian ginelarik herritarrak hurbildu dira beren etxea proposatuz, Irati aterpetzeko: «Beste garai batzuetan nire familian arazoak izan genituen eta guk ere etxeak izan genituen aterpetzeko. Horregatik nire txanda heldu dela uste dut». Azken aste hauetan gertatu denak ekarri du elkartasun uhin hori. Azken asteetako atxiloketek ekarri dute, gure herrian bertan gure kezka, gure ezadostasuna agertu baitugu gertatu da. Hori guztia gazte horiek erakutsi diguten kemenari esker. Hain gazte eta hain maisu on! Herri txikia gara, elkarri lotuz, elkar lagunduz dauzkagun arazo larrien aurrean indartuko gara eta kemena izanen dugu herritarrengana joateko eta elkartasun politikoa ere lortzeko. Hendaian komunistak hor ziren, sozialistak, politika egiteagatik jendea preso sartzea oso joko lanjerosa dela errateko. Ezin da Europatik kanpoko herriendako demokrazia eskatu eta hemen bertan demokrazia murriztu.

Noski esku-zartak ez dira aski, mugitzera eraman behar ditugu. Gehiago bultzatu behar ditugu. Hor bakoitzak duen tokitik eragiten joan behar du, inguruko politikariengana jo behar dugu, interpelatu eta engaiamendua lortu. Senpereko kontseiluak aho batez euroaginduaren aurkako jarrera hartu du. Ehunka hautetsi azaldu da aurka. Ez dute Parisetik kasurik egiten. Beste auzietan bezala, berdin jokatzen du Parisek. Guri dagokigu ezinegona sortzea, hemengo politikarien artean, hauteskunde garaietatik kanpo ere. Hor egon, protestatu egiten dituzten lege desbideratzeengatik. Demokrazia aldarrikatzen dute baina legea arramoldatzen dute askatasun eremuak hertsitzeko.

Frantses presidenteak gerla bultzatzen du. Hau da asmatu duen proiektu berria Frantziak dituen arazoetatik arretaren urruntzeko. Laguntza sozialen ordaintzeko dirurik ez omen da Frantzian, gerlarako aldiz bai. Frantzia ez zen aspalditik hainbeste fronte militarretan egon. Ez da protestarik entzun ezkerreko alderdietatik. Frantses Gobernuak ez du norabide argirik, sondeoen arabera erabakitzen du politika, krisi larrienen aurrean ere hitz moderaturik izaten ere ez daki gehiago. Japoniako leherketen ondotik presidenteak hautu nuklearra berretsi du edozein gertakari izan balitz bezala.

Hau da gure eguneroko ogia, Frantziak eskaintzen diguna. Gure zergekin ordaintzen dutena: gerla eta zentral nuklearrak. Ez dugu horren beharrik.

Ez goaz ondoko herrietara gerla eramatera. Herri guztiek demokrazia merezi dute, gure herrira ez da oraindik heldu. Legea ez da gure alde, egiten dituzten legeek ez baitute justiziarik ekartzen. Esku-zartak ditugu eskaintzeko. Gero eta azkarrago entzunen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo