GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Pena da, baina gailurra oso gertu ikusi dut»

p042_f01.jpg

Alex TXIKON I Alpinista

Lemoarrak ez du bere helburua erdietsi, baina, hala eta guztiz ere, bere kide Gerfried Göschl austriarrak eta Louis Rousseau quebectarrak bezala, oso balorazio ona egin du Gasherbrum 1 edo Hidden Peak mendian (8.080 metro) neguan eginiko lanarekin. Espedizioa bukatuta eta behin kanpaleku nagusira iritsita, Txikonek GARAri adierazi dionez, asko ikasi du eta neguko jarduera horrek harrapatu du.

Andoni ARABAOLAZA I

Alex Txikon pozik da Gasherbrum 1 mendian eginiko lanarekin. Oso gertu ikusi du gailurra, baina azkenean sari nagusia ezin izan du lortu.

Lehenik eta behin, Alex, zer moduz zaude? Ze hilabete eta erdi mendian lan eta lan ibili ondoren, fisikoki eta buruz jipoia hartuko zenuen, ezta?

Inolako zalantzarik gabe, oso gogorra izan da. Azken saioan asko arriskatu genuen, baina eguraldiak ostikada eman zigun. Hirugarren kanpalekuan zero azpitik 46ºC-ko tenperatura genuen, eta haizea 90 kilometro ordukoa zen.

Hala ere, oso gustura nago, besteak beste, fisikoki ondo amaitu dudalako. Gorputzari astindu handia eman diogu. Eta burua? Bada, alde horretatik ere ondo. Orain hausnarketa garaia da.

Hausnarketa garaia dela diozu. Hilabete eta erdi mendian egin eta gero, eta neguko baldintzak jasan ondoren, zer-nolako irakurketa egiten duzu?

Lehenik eta behin, espedizio honetara batez ere ikastera etorri nintzen. Jakin banekien oso-oso aukera apurrak genituela. Bidea zabaltzen ari ginela, soilik lehen kanpalekua antolatzeko egundoko lana egin behar izan genuen. Jakina, akatsak egin ditugu, baina asko ikasi dugu. Mendian gu bakarrik ginen, bakardade basatian.

Horretaz guztiaz jabetzeko bertan egon behar duzu. Asko gozatu dut bakardadearekin; familia txiki bat ginen. Makaluko mendebaldeko ertzean eginiko espedizioa eta azken hau nire ibilbideko onenak izan dira. Norabide berri bat hartu dut eta salto hori niretzat oso ona da.

Zure lehen eskarmentua izan da zortzimilakoetan neguko garaian. Zuk bidalitako bideoei esker, gutxi gorabehera jabetu gara pasa duzun hotzaz. Krisztof Wielickik esan zidanez, «hotzak kosk egin eta jan egiten zaitu»; hala al da?

Bai, Wielickik dioen modura, jan egiten zaitu. Berak eskarmentu handia dauka espezialitate honetan, eta, jakina, arrazoi guztia ematen diot. Horretaz gain, energia handia xurgatzen dizu. Nahiz eta ondo elikatu, hotzak alde guztietatik erasotzen zaitu. Nik, bederen, pisuan nabari dut.

Leku berean bi espediziok egin duzue bat: Simone Morok Gasherbrum 2an zuzendu zuena eta zuena, Gasherbrum 1ean. Mendiari ekiteko bi ikuspegi ikusi ditugu, baina emaitzak ez dira berdinak izan. G2koak gailurrarekin itzuli dira eta zuek esku hutsik. Zer diozu horri buruz?

Lehenik eta behin esan behar dut gaur egun zortzimilakoetan neguko espezialista onena Simone dela. Azken urteotan hiru zortzimilako egin ditu neguan: Shisha Pangma, Malaku eta orain G2. Egundoko eskarmentua dauka. Hasiera-hasieratik bazekien zer eta nola egin behar zuen. Eta horrek asko laguntzen du. Estilo azkarraren alde egin zuen, eta ondo atera zitzaion. Hori bai, mendia igo eta jaisteko bost egun behar izan zituen. Eta, gainera, oso larri ibili ziren. Txapela kentzeko moduko jarduera izan zen! Gure kasuan, aldiz, neguko zortzimilakoetan ez genuen eskarmenturik.

Azken horri helduko diogu. Zuen helburu nagusia mendiaren hego aurpegian bide berria zabaltzea zen. Horrek, jakina, estilo alpinoan egiten ez bada, badakigu zer esan nahi duen: denbora asko paretan egitea, hotz galanta jasatea, gorputzari astindu ederra ematea, bat bidea zabaltzen egon eta besteak bileran dardarka itxarotea... Ez al zaizu iruditzen, agian, erratu zaretela?

Bai, hala uste dut. Zama askorekin ibili gara gora eta behera. Nik, adibidez, 7-8 soka (200 metro) eta material gehiago garraiatu dut. Zama handiegia eramaten genuen gora. Astakeria egin dugula uste dut. Lehen kanpalekua altxatzeko hiru eguneko eskalada behar izan genuen, gero plataforma egin... Baina oso indartsu geunden. Gerfried zen espedizio buru, eta berak erabakita zeukan bide berri bat zabaltzea. Sekulako lana egin dugu eta oso gutxi falta izan zitzaigun bidea amaitzeko eta ertzera iristeko. Nahiko hurbil ikusi nuen.

Hala ere, bideoetan eta argazkietan ikusita, zabaldu duzuen tarte hori oso ederra da, ezta?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Agian, udarako aproposagoa da, baina garai horretan, neguan ez bezala, arrisku objektibo gehiago dituzu. Besteak beste, goitik harri asko erortzen delako.

Bide berria zabaltzeko aukera alde batera utzi, eta ohiko bidetik beste saio bat egitea erabaki zenuten. Asko hausnartu al zenuten aukera hori? Beste irtenbiderik ez zenuten, ezta?

Hala da. Arriskatu genuen, baina eguraldiak ez zigun batere lagundu. Sasoiz oso ondo geunden hirurok, eta garbi daukat baldintza egokietan gailurra egingo genuela. 6-7 ordutan gailurrean egongo ginateke, baina, jakina, eguraldia lagun. Kontuan hartu behar duzu, hirugarren kanpalekutik nagusira di-da batean jaitsi ginela.

Ohiko bidea azkar igotzeko estilo alpinoa ezinbestekoa zen.

Bai horixe. Nik nahiago nuen zabaltzen hasi ginen bidea amaitu (saiatu, bederen) eta ertzetik gailurrera jo. Baina azkenean tontorra ziurtatzeko ohiko bidea egokiena zen. Bide arrunta da, baina konpromiso handia hartu genuen, besteak beste, hari buruz ez baikenuen batere informaziorik. Arrakaletan erorikoak izan eta elurroldeak oso gertu ikusi genituen.

Konpromiso handia hartu genuen, bai, baina ez dut uste kamikazeak izan ginenik. Arriskua aurrean genuen, baina gu indartsu geunden. Azkenean, den-dena ondo irten da.

Nire aldetik esatea erraza da, baina hasieratik ohiko bidea aukeratu bazenuten, ziur aski emaitza beste bat izango zen. Eta hori diot, azken saio hori oso-oso azkarra izan zelako.

Horretan ez dut pentsatzen. Alde positiboa hartu eta akatsetatik ikastea da garrantzitsuena. Kanpaleku nagusira heldu ginenean, orduan bai, pena hartu nuen, baina orain lasaitu naiz. Beste irakurketa bat egiten dut: gure lehen esperientzia izan da.

Helburua ez duzu bete, baina ezin zara kexatu: beste espedizioetan ez bezala, honetan benetako alpinismo egin duzu!

Bai. Uste dut irudia eman behar dugula. Jean Troilletek duela pare bat urte esan zidan estiloa dela garrantzitsuena, eta aurrerantzean norabide hori jarraituko dut.

Diotenez, zortzimilakoetan neguan saiatzeak engantxatzen du.

Nik, bederen, asko gozatu dut. Bakardadea, neguan dagoen argia... Gainera, hiru lagun izan gara; uste dut kopuru hori oso egokia dela. Ez genuen asko ezagutzen elkar, baina harremana primerakoa izan da. Datorren udan K2 mendian bide bat irekitzeko asmoa dugu.

Amaiera aldean gaude. Zer edo zer gehitu nahi al duzu?

Agur bero bat bidali nahi nieke Iñaki Bilbao, Zizurkilgo Mikel (G2an egon zena), Ibon Meñika, Asier Aginako, Ugaitz Perez, Iker Lima, Jon Crespo, Egoitz Coto, Endika Lejarzegi, Orkatz Gallastegi eta Ander Arrillaga euskal preso politikoei. Eta, oro har, besarkada handi bat guztiei. Ea laster etxean ditugun!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo