GARA > Idatzia > Kirolak> Gipuzkoa Basket

Inoiz izango al dira partida estu bat irabazteko gai?

p033_f02_777x777.jpg

LAGUN ARO GBC 74
DKV JOVENTUT 76

A. G. I

Ez dago Lagun Aro GBC-ri gertatzen zaiona ulertuko duenik. Azken lau neurketak jarraian galdu ditu, horietatik hiru eskuan izanda. Azkena, atzo eguerdikoa. Ia-ia partida osoan DKV Joventuten aurretik joan ostean, amaiera negargarri bat egin eta... berriro ere kale.

Beste behin, 39 minutuan txukun jokatu ostean, azkenean gipuzkoarrek burua galdu zuten. Egia da, bestalde, nahiz eta ia uneoro aurretik joan, Lorbek, Miralles edo Konek egindako lan onari esker, Lasorenek ez zutela partida hautsi. Eta aukera hirugarren laurdenean izan zuten, atsedenaldira 34-32 aurretik iritsi, eta abantaila markagailua 48-37 jarri arte zabaldu ostean.

Alabaina, kataluniarrek ez zuten etsi, nahiz eta makina bat jaurtiketa libre huts egin. Aurreneko zatian Pere Tomasen lanean oinarritu baziren donostiarrengandik hurbil mantentzeko, bigarrenean Hosley, Trias eta McDonald azaldu ziren. Azken laurdena 54-52 hasi zuten.

Hutsegite larregi azken orduan

Aurrekariak aurrekari, atzo amaiera zoriontsurik izateko itxaropenik bazen. Hala, Baronek bi hiruko garrantzitsu saskiratu zituen azken hamar minutuetan. Panko eta Salgadok ere ustez oso baliotsuak ziren puntuak lortu zituzten.

Zoritxarrez, gipuzkoarrek baloi mordoa galdu zuten, baita hiru jaurtiketa libre huts egin eta errebote pare bati ihes egiten utzi ere. Hutsegite lelo larregi azken minutuotan.

Hala, azken segundoetan McDonald-ek aurretik jarri zuen Joventut, 74-75, eta Real Madrilen aurka gertatu bezala, baloia errazegi galdu zuten Lasorenek beren hurrengo erasoan. Bi jaurtiketa librerekin erabakita utzi zuen partida Josep Franch-ek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo