GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Poligoneros» telesail berriaren lehen atala grabatzen hasi dira

p051_f01_148x92.jpg

M. LARRINAGA |

Jonan eta Txori bikoteak duen arrakasta ikusita, ETB eta Pausoka Entertainment komunikazio enpresak beraiei buruzko telesail bat egiten hasi dira. Bikotearen abenturak azalduko dira bertan, heldutasunerako jauzia emateko bidean izango dituzten bizipenak, betiere tuning-ari, edari energetikoei eta Vin Diesel aktoreari dieten miresmena baztertu gabe.

Bilakaera prozesu luze horretan, lehengo lagunak aldatuz, helduen bizimodura egokituz doazela ikusiko du Jonan eta Txori bikoteak. Ondorioz, lagun berriak egin beharko dituzte. Gainera, aldi berean, bizitzeko tokatu zaien egoera zailaz joango dira ohartzen.

Izan ere, 25 minutu iraungo duen telesail honetan, bikotearen abentura xelebreez gain, 50 urteko pertsonen artean dagoen langabezia handiaren arazoa, hainbat belaunaldik etxe berberean bizitzeko izaten dituzten arazoak edota gazteen lan prekarietatea eta gisako gaiak ere lantzen dira.

Lagunarte berria

Jonan eta Txorik lagun berriak izango dituzte «Poligoneros» telesail berrian. Hala, Alex, Naia edota Carol ezagutuko dituzte.

Jonani eta Txoriri bizitokitzat duten lokala alokatzen dien gaztea da Alex. Segurtasun lanetan, supermerkatuetako apal-betetzaile edo mezulari postuetan eskarmentu handia duen pertsona izan arren, lan horietatik guztietatik kaleratua izateko ere gaitasun aparta du.

Carol, ama izan berri den neska gaztea, bere aitaren etxera joan da bizitzera Richi semearekin. Horiekin batera, Tortuga izango dute etxean, Carolen mutil-laguna, baina ez Richiren aita.

Bestetik, Naia ameslaria eta erromantikoa da. Agureak paseatzen irabazten du soldata, baina bitartean dirua aurrezten du Kolonbiara bidaiatu ahal izateko Internet bidez ezagutu zuen bere mutil-lagunarekin aurrez aurre egon ahal izateko. Baina, egun horren esperoan, beste mutilak ez ditu bere bizitzatik baztertzen.

Gainerako pertsonaiak Agustin (Carol ama gaztearen aita), Jose Mari (Alex-en aita) eta Maria (Alexen ama) izango dira. Ohikoa den moduan, bakoitzak bere xelebrekeriak izango ditu eta guztiek osatuko dute auzoko giroa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo