KRONIKA I «flash mob»-a
Ezezko erraldoia eman diote Zubietan errauste plantari; oraingoan, dantzan
Arnasa hartu nahi dutelako, arnasa garbia, bi mila lagun inguruk dantzari eman zioten atzo Zubietako Errebote plazan. Musikaren erritmora, aste honetan Gipuzkoako agintariek jarri duten lehen harriari proiektua gelditzea nahi dutela erantzun diote herritarrek, era ikusgarrian.
Janire ARRONDO I
Artzabaleta inguruan errauste plantaren obren hasiera irudikatuz lehen harria jarri eta egun gutxira, ezezko borobila eman diote Gipuzkoako Aldundiaren proiektuari Zubietan. Dozenaka izan dira orain arte errauste plantaren aurka egin diren ekimenak, baina, oraingoan Gipuzkoa Zero Zabor ekimenak dantza egitea hautatu du, flash mob erraldoia grabatuz. Nork esan zuen euskaldunok ez dugula gerria mugitzeko trebetasunik?
Lady Gagaren «Bad romance» abestian oinarrituz, birziklatzearen aldeko eta errauste plantaren aurkako mezuz osaturiko hitzak jarri, koreografia osatu eta herria dantzan jarri zuten atzo Zubietan. Eguerdiko grabaketan dena txukun irten zedin, gainera, goizeko hamar eta erdietarako hasi ziren entseguak frontoi estalian. Usurbil, Zubieta edo Lasartetik zein Aretxabaletatik, Oñatitik, Oriotik, Andoaindik, Beasaindik, Oiartzundik, Zarauztik edo Lazkaotik inguratutako ehunka lagunek txandan-txandan errepasatu zituzten egin beharreko pausoak, askok lehendik herriz herri koreografia ongi ikasia bazuten ere. Gipuzkoako txoko guztietatik iritsi zen jendea, antolatzaileen aurreikuspenak betetzeraino. Zenbaki zehatzak ematea zaila bazen ere, aurrez 1.700 lagunek baino gehiagok hartua zuten dantzarako euren txokoa, eta atzo goizean jendea etengabean ari zen ekimenarekin bat egiten. Plazan dantzara bildu zirenez gain, hesitik begira geratu zirenak ere ehunka izan ziren.
Giroa berotzeko ekitaldiak ugari izan ziren goiz osoan, dantza latinoen zein euskal dantza garaikidearen erakustaldiak edo break&freestyle dantzarien arteko dueluak, esaterako. Porrotx eta Marimotots pailazoak ere hurbildu ziren Zubietara, jaiari umorea eta grazia jartzera; haurrekin koreografia ikasten eman zuten eguerdia.
Hezurrak mugitzeaz gain, mokadutxoa egin eta sabelak alaitzeko aukera ere eskaini zuten. Goiz osoan barrikotea eta pintxo beroak banatzen aritu ziren. Frontoiaren albo batean berriz, dantzaren ondorenean indarrak berreskuratzeko-edo aukerako paella erraldoia prestatzen aritu ziren.
Denok prest? Hastera goaz
Flash mob-aren grabaketa ordua 13.30ean jarria bazuten ere, Errebote plazara hamabiak pasatxo hasi zen jendea hurbiltzen. Bakoitza zegokion lekuan kokatu, eta koreografiari, grabatuko zen lekuan bertan, azken ukituak eman zizkioten. Oholtza gainetik koreografiaz arduratu zirenak gogotik aritu ziren jende andana antolatzeko azalpenak ematen. Azken unean, gainera, Usurbilgo zinegotzi Imanol Azpirozek zorionak eta eskerrak eman zien parte-hartzaile guztiei. «Zuek zarete gure indarra; zuek, gure puntako teknologia», esan zien Azpirozek. Hala, oihu egiteko animoak ere eman zizkien: «Aldundian, Udalean eta Europar Inbertsio Bankuan entzungo gaituzte, egoskorkeriari dardara eragingo diogu». Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak, berriz, dantzan plaza gori-gori jar zezaten eskatu zion jendeari, «agintari itsuei ipurdia erre arte». Kamerak plazan, elizako kanpandorrean, frontoiko paretan eta airezko zeppelinean prest, bitan egin zuten dantza osoa. Orain irudi denekin flash mob-a osatzea besterik ez da faltako.
Hala ere, gisa honetako ekimenak ez dira flash mob-aren grabaketarekin amaitu. Gipuzkoa Zero Zaborreko bozeramaile Ainhoa Arrozpidek azaldu zuenaren arabera, aurrerantzean ere «ekimen berritzaileak» egiten jarraituko dute. «Herritar guztiei bitartekoak jarriko dizkiegu erraustegiaren aurkako eta zero zabor politika baten aldeko aldarrikapenarekin bat egin dezaten», zioen Arrozpidek. Aurreragoko planak sorpresa izan daitezen gorde nahi izan bazituen ere, Donostian ekimenen bat izango dela iragarri zuen: «Badakigu errauste planta defendatzen dutenek non dituzten euren egoitzak», zioen. Bestalde, «errauste plantaren kutsadura urrundu eta haize garbia arnastea» irudikatuko duten koloretako haize errotak Gipuzkoa osoan banatzeko asmoa ere agertu zuen. Arrozpide, antolakuntzaren erdian lanez lepo bazebilen ere, «oso pozik» agertu zen ekimena izaten ari zen arrakastarekin, baita aldez aurretik herriz herri jendeak izan duen ardurarekin eta parte-hartzearekin ere.
«Posible da aldaketa»
«Hedabideetan harri bat jarri dutela zabaldu da aste honetan, baina, hemen herri bat dago. Gipuzkoako gehiengo soziala hemen dago: alderdi politikoak, sindikatuak eta eragile sozialak zein herritarrak hemen daude», aldarrikatu zuen Arrozpidek. Gauzak horrela, hondakinen kudeaketan «aldaketa» beharrezkotzat jo zuen, «osasuna eta ingurumena kaltetuko duen» errauste plantarik gabekoa. Aldaketa horretarako, gainera, aukerak «asko eta inoiz baino gehiago» direla aldarrikatu zuen: «Gipuzkoarrek hondakinei buruzko eztabaidan parte hartu nahi dugu, informazioa zabaltzen ari gara eta jendea ohartzen da arazo bat dugula, horri irtenbidea eman behar zaio». Bestalde, datozen hauteskundeetan ere esperantza jarria du Ainhoa Arrozpidek.
Xabier Mikel Errekondok, bestalde, atzoko ekimena ez zela «hitz edo errebindikazio hutsa» izan defendatu zuen, «aldaketarako bidea badagoelako». Gipuzkoako Aldundiak kalkulu politiko eta instituzionalak utzi eta herritarrekin egon behar lukeela esan zuen Errekondok, eta beste behin ere, errauste planta eraikitzeak morrontza dakarrela salatu zuen. «Gipuzkoar guztiok 21 urteko morrontza laukoitzean sartu gaituzte: osasuna, ingurumena, ekonomia eta politika baldintzatzen digute».