GARA > Idatzia > Kultura

Asier Otamendi eta Zigor Enbeita izan dira garaileak Arabako Bertso Txapelketako azken finalerdietan

Amaitu dira dagoeneko Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdiak. Hala, Asier Otamendi, Zigor Enbeita, Manex Agirre, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre eta Ander Solozabal izango dira Gasteizko finalean.

p050_f03_2.jpg

M. LARRINAGA |

Asteburu honetan izan dira Arabako Bertsolari Txapelketaren finalera sailkatzeko azken saioak; Aramaion larunbatean eta Agurainen atzo. Zigoitiko finalerdian Manex Agirrek eskuratu zuen zuzeneko pasea, eta berarekin batera Asier Otamendi eta Zigor Enbeita pasatu dira, hurrenez hurren.

Agurainen, atzo, Zigor Enbeita (319 puntu), Ander Solozabal (318,5), Ruben Sanchez (313,5), Alberto Martinez Beitto (309,5), Juan Mari Juaristi (309) eta Unai Mendibil (303) aritu ziren bertsotan. Psikiatrikoan aurreneko eguna duenaren papera jokatu zuen Ruben Sanchezek zortziko txikian, eta Zigor Enbeitak eta Ander Solozabalek erretiratutako bikotearen bizimodua azaldu zuten hamarreko txikian. Puntu erantzunetan, Enbeitak jaso zituen gehien, baina finaleko tokia puntu bakarrak eman zion.

Aramaion larunbatean izandako saioa arina izan zen. Asier Otamendiren atzetik geratu ziren Iñaki Viñaspre (332 puntu), Xabi Igoa (318,5), Izar Mendiguren (311), Ekaitz Samaniego (311) eta Rikardo Gonzalez de Durana (288). Otamendi aritu zen orekatuen, gainerakoak ondo, tarteka gorabeherak izan bazituzten ere. Igoa gazteena izan arren, bertsoei ederki heltzen dakiela erakutsi zuen. Ekaitz Samaniegok, Izar Mendigurenek eta Rikardo Gonzalezek ale politak utzi zituzten, nahiz eta akats bat edo beste ere egin zuten.

Beraz, Asier Otamendi, Zigor Enbeita, Manex Agirre, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre eta Ander Solozabal lehiatuko dira apirilaren 2an izango den finalean Gasteizko Printzipal aretoan, 17.30etik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo