GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko finala

Sakanak eta Sokarrik jantzi dituzte azkeneko txapelak

Nafarrak 500 kilokoan gailendu dira, eta bizkaitarrak, berriz, 560 kilokoan.

Jon LEUNDA I

Sakanak, emakumezkoen 500 kilokoan, eta Sokarrik, gizonezkoen 560 kilokoan, jantzi dituzte goma gaineko Euskal Herriko Txapelketako azken txapelak.

Emakumezkoetan, hiru talde aritu dira, eta hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatu zuten herenegun Arrigorriagan. Berdinduta amaitu zuten Sakanak eta Badaiotzek, aurreko jardunaldian bezalaxe, baina lehenengoan nafarrek irabazi zuten, eta horri esker hamar urte igaro eta gero txapela jantzi dute berriro. Sailkapen nagusian, Sakanak 15,5 puntu batu ditu, 14,5 puntu Badaiotzek, eta 6 Ibarrak.

Gizonezkoen 560 kilokoan, lau talde aritu ziren lehian, eta jardunaldi batera lehiatu dira. Sokarrik jantzi zuen txapela jardunaldian talde guztiak mendean hartuta. Atzetik Amaiur sailkatu zen, txapeldunen aurka bakarrik galduta; hirugarren Ñapurrak, 6 Conceyos bakarrik menderatuta, eta asturiarrak geratu ziren azken, tiraldi guztiak galduta. Puntuetan, Sokarrik 4 puntu batu ditu, 3 Amaiurrek, 2 Ñapurrak taldeak eta bakarra 6 Conceyosek.

Aizkolariak

Ernesto Ezpeleta Bihurri-k marka berria ezarri zuen herenegun Berrizen, 3 metro bueltan zituen enborra esku bakar batekin moztuta. Ordu bat 38 minutu eta 39 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko.

Eibartarrak aurretik ez zuen helbururik jarri, lana bukatzea bakarrik zen bere nahia, eta egindako denbora oso ontzat har daiteke, esku bakar batekin horrelako enbor handia mozten aritzea lan handia baita.

Larreatarrek hiru kanakorekin egin nahi izan zuten marka saiakera. Julian, 81 urtekoa, Armando 50ekoa, eta Julen, 15 urtekoa, aritu ziren lanean, familiako hiru gizaldi, aitona, semea eta biloba, eta lanak 30 minutu pasatxotan amaitu zituzten.

Leitzan, berriz, aizkolarien Adania Torneoko finalak jokatu zituzten. 23 urtez azpikoetan Ohian Larretxea izan zen onena, eta berak jantzi zuen txapela. Lan guztiak burutzeko 13 minutu eta 8 segundo behar izan zituen. Bigarren Mugertza II.a izan zen (13.44). Hirugarren Saralegi (15.15) eta laugarren Mugertza III.a (15.55).

18 urtez azpikoetan, berriz, Kortxerok irabazi zuen. Lanak 8 minutu eta 6 segundoan burutu zituen, eta Otañok, 8 minutu eta 38 segundoan. 15 urtez azpikoetan Zabaletak irabazi zuen, Vicente II.aren eta Julen Larrearen aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo