GARA > Idatzia > Mundua

Zortzi urteren ondoren, akusatuen aulkian eseri da berriz ere Silvio Berlusconi

p023_f01.jpg

GARA | ERROMA

Gorazarre zein arrangura aldarrien artean, Milango Auzitegiaren ataria zeharkatu zuen atzo Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak. Duela zortzi urte eseri zen azken aldiz akusatuen aulkian, epaileen eroskeria leporatu zioten hartan; eta askok egozten dioten azpikeriaren adierazle, oraingoan zerga iruzur eta bidegabeko jabetzearen delituen akusazioei erantzuteko bertaratu da epaitegira. Akusazioaren arabera, Berlusconi sendiaren jabetzakoa den Mediaset taldeak Mediatrade filialaren bidez hainbat pelikulen eskubideak erosi zizkion enpresari estatubatuar bati, Wiltshire enpresa bitartekari gisa hartuta; eta gero garestiago berrerosiz, ogasunari dirua ezkutatu izana aurpegiratzen diote, besteak beste.

Auziak auzi, aparteko argazkia irudikatu zuen atzo Italiako lehen ministroak auzitegi atarian. Ezohiko jarrera da, dudarik ez, Berlusconiren estrategian, abian dituen auzietara ez azaltzeko hautua eduki izan baitu orain arte. Pasa den urtarrilean Auzitegi Konstituzionalak Legezko Eragozpenaren legea indargabetzea ebatzi zuenetik, ordea, konpromiso instituzionalik ezin du baliatu Berlusconik auzi-saioetara ez agertzeko.

Dena dela, Berlusconi akusatuen aulkian eserita agertzen duen erretraturik ez da egongo, ateak itxita egin baitzuten atzoko saioa. Auziaren aitzin-urratsak besterik ez ziren izan, epaileak gobernuburuaren aurkako epaiketa abiatu ala ez erabaki dezan; horren aurretik, beste hiru saio egingo dituztela jakinarazi dute, apirilaren 4an lehena eta maiatzean beste biak. Horietara ere joateko intentzioa duela abisatu zuen atzo Berlusconik.

Ikusteko dago, alabaina, zabalik dituen beste hiru auzietara joango ote den. Horietako bat da, justu, azkenaldian Italian eskandalua eragin duen «Ruby auzia»; adin txikikoen prostituzioa eta agintekeria leporatzen diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo