Independentziaz hausnartzen eta mitoak argitzen, indepedentistak sarearen Ideien Faktorian
Independentzia gehienen hautua izan dadin, euskal herritarren pentsaera astintzeko asmoz dabil Independentistak Sarea. Etorkizunerako egitasmoen gaineko eztabaida piztuz, Ideien Faktorian murgildu dira azken asteotan. Iruñean eta Bilbon egindako tertulietan hainbat ikuspegitatik aztertu dute Euskal Herriaren geroa.
Euskal nortasuna, hizkuntza eta kulturaren bizi-raupena ziurtatzeko», «Autogobernuak itzelezko onurak ekarriko dituelako», «Gure zergak bertan jaso eta ongizate estatuan oinarrituz gastu eta inbertsioak gure beharren arabera egingo genituzkeelako» edo «burujabe izateko eskubide osoa dugulako». Dozenaka, akaso ehunka edo milaka, izan daitezke independentziaren aldeko hautua egiteko arrazoiak. Antolatu, egokitu eta gizartean zabaldu gabe daude, ordea, Independentistak Sareko kideen ustez. Hitz egin eta pentsatu asko egin da, baina behar bezala gizarteratu gabe geratu da hausnarketa. Egungo egoerak eztabaida pizteko «izugarrizko aukera» ematen duela-eta, gaia ahotan jartzetik agenda politikoan lehen lerroraino eraman nahi dute.
Independentziaren aldeko lan ideologikoa bultzatu, astindu, bildu eta zabaltzeko asmoz dabil, beraz, Independentistak Sarea, eta horretarako Ideien Faktoria ekimena jarri dute martxan. Martxoaren 24an Iruñean eta 29an Bilbon egindako tailer-tertulia banatan, hainbat ikuspegitatik aztertu dute independentziaren aldeko borroka. Ideiak sortzeko faktorian, esperientzia, uste, asmo eta amets ugari jarri dituzte mahai gainean.
Herrien arteko elkartasuna Iruñean
Iruñeko Mercadereseko Iruñazarra leporaino beteta zela independentziaz eta migrazio prozesuez aritu ziren. Euskal Herriaren independentzia lortzeko lanean herrien arteko elkartasuna, ideien eta emozioen garrantzia defendatu zuten. Gisa honetan independentistek Euskal Herrira etorritako etorkinen parte-hartzea bermatzeko borondatea azaleratu nahi izan zuten.
Hala, beste hainbat herrialdetako independentzia prozesuen gainean jardun ziren edo Euskal Herrira etorritakoen ikuspegitik independentziarako borroka eta jarduna nola ikusten duten aztertu. Floren Aoiz Independentistak Sareko kideak GARAri azaldu zionez, Euskal Herrira etorri den askok «sentsibilitate handia izaten du gai honekiko, beraiek ere badakitelako zer den askatasunik gabeko egoera batean, beste batzuekiko mendekotasunean bizitzea». Ezagutza eza, konplexuak eta beldurrak ere aipatu zituzten, ordea, boterearen edo korronte nagusiaren aurka jartzeko errezeloa. Gauzak horrela, independentziaren aldeko borrokan kanpotik etorriak bere herrian baleude bezala edo independentziaren aldeko mugimenduaren protagonista izan daitezkeela nola sentiarazi aztertu zuten.
Julio Ibarra kazetari ezaguna moderatzaile lanetan jarrita, Pedro Albite identitate eta migrazio prozesuen gainean aritu zen, Estatu espainoletik bizitza hobe baten bila Euskal Herrira etorritakoen ondorengo Ion Maia bertsolariak ere bere esperientzia propioa partekatu zuen, kolonbiar errefuxiatu eta gizarte integrazioan aditua den Luz Amparo Pimientok gaiaren gaineko hausnarketa interesgarria eskaini zuen, Floren Aiozek amerikar liberazio prozesuetan egondako euskal jatorriko pertsonei egin zien aipamena eta Nikaragua bezalako beste errealitate batzuk ezagutu ondoren Iruñean bizilekua duen Richard Weynding eskoziarrak ere bere ikuspegia eman zuen.
Ikuspuntu ekonomikoak Bilbon
Euskal jendartean independentziaren aldeko hautua egiteko arrazoiak asko badira ere, gai honen gainean errotuta dauden zalantza eta beldurrak ere ez dira gutxi. Hain justu ere, inongo oinarririk ez duten mitoak desegiten aritu ziren Bilboko tailer-tertulian. Globalizazioa, euskal ekonomia eta independentziaren inguruan aritu ziren.
Bizkaiko Batzar Nagusietan bildu ziren Yolanda Jubeto, Oskar Arantzabal, Anton Borja Alvarez eta Joseba Barandiaran hizlariak, laurak ekonomialariak eta tartean EHUko irakasleak. Hala, Euskal Herri independentea ekonomiaren eta egungo globalizazioaren testuinguruan nolakoa litzatekeen irudikatu zuten. Edonola ere, zazpi herrialdez osaturiko Euskal Herrian estatu berri bat sortzea «guztiz bideragarria» dela defendatu zuten.
Estatu baten tamaina zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta hobea dela azaldu zuten, gainera. Arantzabalentzat, esaterako, bost milioi biztanle inguru dituena «ideala» litzateke ekonomiaren ikuspegitik. Independentziak euskal ekonomiaren gainbehera ekarriko lukeela edo Europatik botako ote gaituzten dioena bezalako mitoak ukatzeaz ez ezik, euskaldunontzat independentzia oso komenigarria dela ere defendatu zuten.
Hausnartzeaz gain, Independentistak Sareak ideia hauek gizarteratzen jarraituko du. Borroka ideologiko honetan jendearen inplikazioa lortzeko, ekimen berri bat ere aurkeztuko dute datozen egunetan.
Janire ARRONDO