GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gabadin auzi bizia: Laborantzarako ala panel fotovoltaikoak jartzeko balio du lurrak?

Nafarroa Behereko Gabadi herrian, Donapaleutik gertu, panel fotovoltaikoak jartzeko egitasmoak aurrera jarraitzen du, jendaurreko erakusketa fasearen ondotik. Hogei hektareako soro zabal batean ipintzekotan dira. Herritar gehienak horren aurka daude, ordea.

p024_f01.jpg

Gabadi herrian panel fotovoltaikoak jartzeko egitasmoak bertako herritarren artean kexak sortu ditu. 2008an Patricia Jou-anthouak gurasoen etxaldearen -Berterretchea izenekoa- ardura bere gain hartu zuen, eta 20 hektareako lurretan eguzki panelak jartzea erabaki zuen. Sechilienne-Sidec enpresarekin hitz egin zuen, egitasmoa aurrera ateratzeko, eta bi urtez ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa landu ondoren, egitasmoa baimentzeko egin beharreko jendaurreko azterketaren prozesua abiatu zen abenduan. Hiru hilabetez herritarren eta lekuko erakundeen iritziak jaso ondoren, proiektuaren aldeko iritzia eman da. Akitania eskualdeko prefetak bi hilabete ditu obrak abiatzeko baimena emateko. «Ingurumen arloan, eta bereziki energia berriztagarrien arloan sortzen diren norabide berriei irekia naiz. Enpresa horrekin aukera bat izan dut. Asko hausnartu ondoren, eguzki panelak jartzea lur eremu horretarako jarduera osagarria izan daitekeela iruditu zaigu», argitu du jabeak.

Jouanthouaren etxaldearen lur eremuak zabalak dira, izan ere. «Panel fotovoltaiko horiek lurren zati txiki batean baizik ez ditut jarriko, hogei hektarea horietarik bost baizik ez dituzte hartuko. Bertan, arto laborantza baino ez da izan urteetan, eta lurrak asko pobretu dira. Beraz, ganadutarako izan ezik, besterik ezin zen hor jarri», esan du.

Lurrari erabilgarritasuna emateko asmoz, 25 urteko epean Sechilienne-Sidec enpresari alokatzea erabaki du Jouanthouak, eta, lurrik gabeko artzain bati, ardiak bazkatzera eramateko aukera ere emango dio dohainik.

Jouanthouak egitasmoa aurrera eraman nahi du, baina Gabadiko herritar gehienak aurka altxatu dira. 2009an, herri kontseiluak egitasmoaren aurka bozkatu zuen, eta jendaurreko azterketaren prozesuan ere jarrera hori berretsi du. Proiektuaren kontrako taldea sortu da herrian, eta Gabadiko biztanleen %85en sinadurak bildu ditu. Paueko Laborantza Ganberak eta FDSEA eta ELB laborari sindikatuek ere aurkako jarrera azaldu dute.

Jean-Paul Hourquebie gabadiarra eta herri taldeko kideak esan duenez, «lurrak laborantzarako mantendu behar dira». Izan ere, Estatu frantsesak diru asko eman du lur horiek laborantza jarduerarako egokiak izan daitezen, bertan zegoen oihana garbituz, lurrak ureztatuz eta abar. Azaldu duenez, gaur egun, «lur eremu eder bat da». Egindako lan hori guztia ezerezean utzi nahi izatea salatu du, jabeak, lur horiek, «4. sailean» jarri nahi zituela gogora ekarriz. «4. sailean sartzen dira oso gogorrak diren lurrak, landu ezinak direlarik. Baina, ez da egia, bertan gazte bat laborantzan jartzen ahalko zen», azaldu du.

Hourquebieren ustez, txostena osatzeko orduan «gezurretan» aritu dira. «Diru kontu bat baizik ez da. Panel horiek gure Euskal Herriko bazter ederrak suntsituko dituzte, eta, hogei urtez tresna horiek edukiko ditugu begi bistan», salatu du, berriz ere.

Prezioa da, izan ere, laborariek errezeloz hartzen dutena. Izan ere, lurrak hektareako 95 euroan alokatzen dituzte laborantzarako, baina panel fotovoltaikoekin, 2.000 euroraino emendatu daiteke prezioa. Horrelako egitasmoak hedatuko ote diren beldur dira.

Gobernu frantsesean eztabaida

Gabadiko eta inguruetako herritarrak ez dira mugatuko orain arte eraman duten borrokara. Prefetak bi hilabete ditu erabakia hartzeko, eta epe horretan egitasmoa bertan behera uztea espero dute. Horretara bultzatzeko kolektibo bat osatu dute, eta egitasmoaren aurkako kanpaina abiatuko dute prentsaren bidez.

Tartean, Gobernu frantsesak, joan den abenduan, eguzki panelei dagokienez ezarritako moratoriak egoera aldatu dezake. Izan ere, energia berriztagarrien hedapena bultzatzeko asmoz, jatorri hori zuen energiak lehentasuneko prezioa zeukan. Horren inguruan sortu den espekulazioa ikusita, ordea, moratoria jarri zuten abenduan, Estatu frantsesean eramanen den politika adostu bitartean. «Eztabaidak badira, beraz, enpresak erabakiaren arabera eginen du aurrera edo gibelera», kexu da Jouanthoua, «panelak jartzeko baldintza guztiak betetzen dituzte lur horiek, horregatik aukeratu dituzte». Ingurumena errespetatuz, etorkizuneko energien alde egin behar dela berretsi du.

Ainize BUTRON

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo