GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

... matxardak sudurrean altxatu

Politika fikzioa da nagusi beheko Estatu horretan. Politika-fikzioarekin batera nagusi izan ere. Efektu bereziez lepo. Estraz beteriko epaitegi-eszenak. Elkarrizketa antzeko hizketak, pentsamoldean bakarretik bakarrera doazenak. Entzunak gazteleraz izan arren, azpitituluetan irakurriak ere gazteleraz dituena. Are gehiago, inork ez dauka buruan ahora eramana, gidoiari jarraitu baino ez, tartean aktaren batzuk omen direla. Aurrekontu handiaz egindako serie kaskarra. Kartoizko dekoratuak. Antzerki antzekoa. Ustez kolore askotakoa, eginez zuri-beltza ere ez, grisa baita nagusian nagusi. Total, kulebroia, udaberrian bada ere. Madeinspain. Hori bai, bideo-kamerak nonahi, solairuko ziega ilunetan izan ezik. Argia faltan, edo. Nazka. Ama, ama! zenbat arrazoi Euskal Herriak penintsula horretatik alde egin eta Hego hemisferioan asilo politikoa eskatzearen alde agertzeko!. Jakina, Bardeak, Pirinioak eta Kantauria aldean eramanda!.

Ez dakit zein hizkuntzatan den baina kaleko esaera batek dioenez umeekin oheratzen dena... gorenarekin esnatzen da, eta zelan altxatu ere! matxardak sudurrean!. Bai, hango epaitegi gorenaren areto hark filtrazio gehiago ditu hurbilago dugun Fukushimako erreaktore-ontziak baino. Total, hemengo hainbat plazatako neurgailuek sentitua dute jada beheko Estatutik etorria den erradiazio gorena; nanomadrilens edo, unitatez. Ez dakit hego haizeak berak ekarria digun ala aretoko gehiengoak anabasan iparrerantz putz eginda bultzatua izan den, baina hemen da, eta datu horiek askoz ere fidagarriagoak dira hemengo langabeen kopuruarena baino. Zer ikusirik ez!. Tira, harira! erradiazio gorena honaino heldu, bai, baina atzo bertan bueltatu genuen atzera hegorantz, milaka kaletarrek batera putz eginez. Baina kontuz ibili putz egitean! ez dezagun Afrikaraino eraman haize-erauntsia!. Han nahikoa saltsa dute eta!.

Déjà vu. Epaile batzuren epaia. Epai tranpa!. Ez dute ezer sinesten; sinesgogorrak. Amarrua ikusten dute nonahi; itsuak. Demokrata direlakoan dira; ezjakinak. Zeinek egiaztatu horiena?. Zeinek egiaztatuko hurrengo balizko negoziazio askotarikoa, mahaikide batzuek zabarkeriaz eta zatarkeriaz jezartzen direla aurretik jakinda?. Gezurra ez dena egia ez dela jakinda?. Zeinek jasoko du horren akta?. Matxardak sudurrean...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo