GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Felix Tobar-Arbulu Santurtziarra

Literaturaz eta kantuaz haratago: Ipar Euskal Herriko elkartasuna

Euskal Herri osoko jendearen artean egondako laguntasun eta elkartasuna sendotuz joan da, argi erakutsiz Iparra eta Hegoa herri soil eta bakarra dela

Auxtin Zamora lagun senpertar poetak berriki esan duenez, «...kantu horiek erakusten dute XIX. mendean aski mugimendu izan zela gure eskualdean. (...) Bazen orain baino harreman azkarragoa orduan. Harreman handia zen orduan, eta liburu honetako kantuak dira horren lekukotasuna».

Auxtin adiskidearen iritziaren aurka badago ere, argi esan behar da aspaldiko harreman hura ez dela eten; are gehiago, esango nuke oraingo «harremana» inoiz egon den elkartasunik handienenean oinarritzen dela.

Hona hemen lekukotasun eder eta adierazgarri bat:

2010eko Urriaren 22ko sarekadaren ondorioz, hego Euskal Herriko 14 gazte ziren atxilotuak eta gero modu basati batez torturatuak. Beste 8 gazte iheslari bilakatu ziren (Beñat, Irati, Endika, Jazint, Aitziber, Xalbador, Aiala eta Bergoi) , eta Ipar Euskal Herrian babesa lortu.

Haietako batek esan zuenez, «Hego Euskal Herrian gazte konprometitua eta miltantea izateak arrisku batzuk dakartza: horien artean, jarraipenak, mehatxuak, atxiloketak, eta torturak bizitzea. Baldintza horietan lan politiko eta publikoa egitea ez da batere xamurra. 2009an, gazteen kontra egindako sarekada izugarri batea, lagunei torturapean nire izena lapurtu eta zerrenda beltz baten parte izan naiz geroztik. Hori jakinik, arriskuen gainetik herrian bizi eta lan egiten jarraitzeko gogo eta arrazoi gehiagorekin nire militantzia politikoarekin jarraitzea erabaki nuen.

Horrela, orain lau hilabete poliziak nire etxea inbaditu zutenean ez ninduten bertan aurkitu. Euskal Herri libre, sozialista, euskaldun eta feminista batekin amestea zilegi dela uste dut, eta are zilegiagoa bere alde antolatu eta borrokatzea. Horregatik, ezin dut inolaz onartu nire ideia politikoengatik kartzelatzea; beraz, Euskal Herriko txoko honetan hartu dut babes. Euskal herrian bizi naizen heinean, ezin ametsei muzin egin eta horregatik itxialdi honetan parte hartzeko erabakia».

Izpuran 8 gazte horiek itxialdian egon dira eta izandako harrera eta babesa apartekoa izan da. Bertan zeudela, giro ederra gazte jendeaz beteriko ekitaldi desberdinetan, kantuz eta barrez gainera, euskaldun erara.

Izpurako sostengu komisioan gazte mota desberdinak ikusi ditugu, eta ez soilik gazteak. Amaiak eta Haritzak esan zidatenez, 8 iheslari horien egoera babesteko, sostenguan aritzen zirenak maila ezberdinetako jendeari (auzapezak, zinegotziak, sindikatuak, eragile sozialak eta abar), interpelazioak egiten saiatzen ziren.

Eta interpelazioak zirela eta, Kanboko kantaldiaren ondoren, maila pertsonalean zortziok lortu zuten babesa ahantzezina izango da. Baita zazpi gazte atxilotu eta gero egondako giza katea ere.

Aspaldiko elkartasun hura ez da bukatu. Alderantziz baizik: izan ere, aspaldian bezalaxe, Franco denboran legez, oraingo espainiar demokrazia «perfektuan» ere, Euskal Herri osoko jendearen artean egondako laguntasun eta elkartasuna sendotuz joan da, argi erakutsiz Iparra eta Hegoa herri soil eta bakarra dela.

Kasu honetan, euroaginduei aurre eginez, gazteok erakutsitako ardura eta kemena eredugarria izan da. Hori soilik uler daiteke kontuan hartzen badira gazte euskaldun horien eskuzabaltasuna eta argitasun politikoa.

Biba zuek!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo