«Gatza» herrian dela, «bizi osoko zigorrak» salatuko dituzte, hilaren 16an
GARA |
Zornotza jaioterrira apirilaren 13an itzuliko da Jose Mari Sagardui Gatza, ia 31 urte luze espetxean pasatu ostean. Handik hiru egunetara ekitaldi bat antolatu da. Haren moduko kasu gehiagorik egon ez dadin, ez Zornotzan ez beste inon, «Bizi osorako kartzela-zigorrik ez!» lelopean ekitaldia egingo dute datorren apirilaren 16an, 17.30ean Udaletxeko Plazan.
Atzo prentsaurrekoan bildu ziren hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek, eta kirol eta kulturaletako pertsonek nahiz norbanakoek euskal gizarteari deialdi horrekin bat egiteko eskatzen diote. «Zigorra beteta duten presoak kaleratzea eskatzen dugu, hau da, legea betetzea, besterik ez», adierazi zuten.
Jose Mari Sagarduik 1995ean bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta legearen arabera, ordutik kalean egon behar luke. 2009ko abuztuan bete zuen osorik Auzitegi Nazional espainolak ezarri zion kondena, baina orduan ere preso mantentzea erabaki zuten.