TOP 14 Jean Dauguer
Aviron bide onera itzuli da, eta oraindik onenen artean sartzeko aukerak ditu
AVIRON 26
RACING METRO 16
J.L.
Avironek bizirik jarraitzen du, eta final-laurdenak jokatzeko aukerekin. Atzoko garaipenak, gainera, pasa den astean Biarritzen aurka egindakoa istripu bat besterik ez zela izan erakusteko ere balio izan zuen.
Zuri-urdinak hobeak izan ziren. Partida oso itxurosoa egin zuten, eta norgehiagoka beti kontrolpean izan zuten: kanpotarrek denbora agortzear zegoenean lortu zuten beren entsegua. Hori bai, hemendik aurrera garaipenak bata bestearen atzetik behar ditu, lehen seien artean sartu ahal izateko.
Biarritzek, galdu
Biarritzek, berriz, aukera bikaina galdu zuen atzo. Racingek galduta, sailkapeneko bigarren postura gerturatzeko modua zuen, baita aldi berean Avironi mesede bat egiteko ere, baina zuri-gorriek 41 eta 13 galdu zuten, eta amaieran esku hutsik geratu ziren, itxura nahiko kaskarra emanda, gainera.
Clermont jaun eta jabe izan zen lehen minututik, eta norgehiagoka beti kontrolpean eduki zuten. Biarritzek atzo egin zuen partida, pasa den astean Avironek beren aurka egindakoaren tankerakoa izan zen. Hogei minutu betetzerako hiru entsegu hartuak zituzten, eta inoiz ez zuten minik egin. Denetara sei entsegu jaso zituzten, eta horrek agerian uzten du zer-nolako partida egin zuten. Lundek eta Ngwenyak lortu zituzten euskaldunen bi entseguak. Peyrelonguek, berriz, zigor-kolpe bat gauzatu zuen. Datorren igandean, Heineken Kopako final-laurdenak izango dituzte.