GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hendaian ikastola berria izango dute 2014ko ikasturtean

GARA |

Hendaiako ikastolak 40 urte bete ditu jada. 1971n Cahen-Leon etxean hamalau haur hartu zituen Jone Forcada andereñoak. Geroztik zenbait eremu zeharkatu ditu Hendaiako Gure Ikastolak. Egun, Irandatz eta Pausu artean banatzen den ikastetxeak 226 haur eta 158 familia biltzen ditu. Lau hamarkadotako ibilbidea goraipatzeko hiru eguneko festa handia antolatu dute gurasoek eta horretan dabiltza egunotan.

Ikastola handitzeko premian daude, eta duela lauzpabost urte Herriko Etxean atea joka hasi ziren. Baina Jean-Baptiste Salaverry auzapezak «urtebetetzeko pastizaren gerezia» ekarri du. 2014ko ikasturtea hastean, Hendaian ikastola berriak ateak zabalduko dituela iragarri baitu, Kazeta.info-k adierazi zuenez.

Badirudi lanak 2012an abiatuko direla eta 2014-ko ikasturte hasieran ikastola berria izango dute bertako ikasleek. Eraikinaren harira eta horren kokapenari buruz aparteko xehetasunik ez du eman auzapezak. Oraindik ere oztopo batzuk gainditu behar direla besterik ez dute argitu.

40 urte hauetan ikastolatik pasatu diren 800 haurrei, haien familiei eta oro har herritar guztiei festara inguratzeko gomita luzatu diete Gure Ikastolako lagunek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo