GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Pello Aramaio Etxaburu Preso ohia

Prozesuari beldurra eta bakeari egurra

Indarrak bildu egin behar dira eta ez elkarri mokoka aritu. Estatuak inoiz ez dio ETAri beldurrik izan, abertzaleon batasunari baizik. Egun abian den prozesuari dio benetako ikara

Fikziozko nobela baten izenburua dirudi, baina ez. Bihar bertan eta guk jakin barik ETAko kideak izan gintezke, Poliziak, Barne Ministerioak, Fiskaltzak eta epaileek hala nahiko balute. Horrela izan da beti, bada eta etorkizunean ere, auskalo.

Ohituta gaude urteetan beraiek demokrazia deitzen diotenaren izenean neurri eta zigor antidemokratikoak jasaten, oraindik ere «dena ETA da» tesiaz baliatzen baitira. Oztopoak oztopo, atzera bueltarik izango ez duen prozesuan murgilduta gaude, Euskal Herriaren eraikitze prozesu nazionalean, alegia. Inolako indarkeriarik gabe, demokratikoki eta bide politikoak soilik erabiliz nahi duguna izatea, bakean uzten bagaituzte.

Gaztetan, eskola maisu batek honako hau errepikatzen zigun: «Bi gauza hirugarren batekin berdinak badira, bi gauza horiek elkarrekiko berdinak dira». Logika hau erabiliz eta beraien tesiaren arabera, honako hau esan daiteke: ETA eta Batasuna berdinak omen dira, eta bestetik, ordea, Sortu eta Batasuna ere bai, hori horrela izanik, Sortu ETA da; beraz, legala izan nahi duen alderdi politiko terrorista, PSOEren, PPren eta horien kontrolpean dauden eta sistemari eusten dioten hedabideen esanetan.

Betiere tesi horren logikari jarraituz, Sorturen sustatzaileek kartzelan behar lukete egon eta legalizazioaren alde egin diren bi manifestazioetara joandako milaka pertsonek ere bai, ETAri babesa eman izanaren akusaziopean. Hori egin ezean, logikak berak dio egun kartzeletan dauden askok kalean libre egon behar luketela.

Sortuk sortu duen lurrikara politiko mediatikoa oraindik ez da bukatu. Auzitegi Goreneko 61eko aretoa osatzen duten hamasei epaileetatik bederatzik (gehiengoak) hartutako ebazpenarekin Sorturen jarduerarako inskripzio eskaria errefusatu egin dute; beraz, askatasuna eta bakea ilegalizatu. Frankismoan gertatu ohi zen bezalaxe, susmoak eta poliziaren zantzu faltsuak izan dira frogak. Erabakiak argi uzten du PSOEren eta PPren estrategia bateratuan oinarritutako betiko diskurtsoa elikatzeko gerrarako prest daudela, hau da: atxiloketak, torturak, akusazioen asmakizunak, kartzela... eta agian gerra zikina ere bai.

Euskal Herriari dagokionez, urteetan Estatuko zenbait boteretatik entzun dugun betiko leloa hau izan da: «Hemen ez dago gatazkarik, ez arazo politikorik, ezta preso politikorik ere. Hemen dagoen gauza bakarra terrorismoa da. Euskal Herria nazionalisten asmakizun bat da». ETA gorrotatzen badute ere, beharrezkoa zaie diskurtsoari eusteko.

Espainiako Estatuak bere baitan darama indarkeriaren kultura. Inork ez dezala pentsa euskal erakunde armatuak behin betiko armak uztea erabakiko balu, biharamunean bakea lortuta egongo litzatekeenik. ETAk inoiz ez du izan indarkeriaren esklusibotasuna, ezta bakearena ere. Hemen denok gaude inplikatuta, eta gehienbat Estatua bera. Hausnarketa honek konponbidea eskatzen du, negoziazioa... ETAk bakea bideratzeko bere pausoa eman du, eta bide horri eutsi nahi dio.

Francok inoiz lortu ez zuena eta bera hil ostean Estatu espainolaren garaipen handiena abertzaleon zatiketa lortzea izan da, eta estrategia horretan jarraitzen du. Batzuentzat hitz goxoak eta besteentzat madarikazioak eskainiz. Abertzale izatearen funtsa eta definizioa nik ulertzen dudana baldin bada, ez dut uste aitzakiarik egon litekeenik alderdi abertzaleak elkarlanean aritzeko. Euskal Proiektu Nazionala bideratzeko, ezin da zatiketarik egon, bestela gureak egin du. Lehen ETA zen aitzakia; orain, alderdikeriak ote dira, ba...? Interes pertsonalei begira dagoenak ez du herria maite eta politikan poltronak ekar litzakeen diru iturriak beti dira tentagarriak. Bide hori hartuz gero, eroso bizitzeko apustua egin dutenek euskal gatazka konpontzeko bideari uko egiten diote, arazoa luzatuz.

Zer nolako eredu sozial eta ekonomikoa nahi den eztabaida daiteke. Gobernu espainolak azkenengo hartu dituen neurri ekonomikoak ezin dira inola ere onartu, euskal langileriaren eta pentsiodunen lorpenak eta eskubideak murriztea kapitalismo espainola salbatzeko. Pentsaera marxistan oinarrituta, Euskal Herriak euskal langileriarena izan behar du eta ez kapitalismo espainolarena, eta geure herriak eta euskarak bizirik irauteko duen bide bakarra independentzia da.

Azken finean, indarrak bildu egin behar dira eta ez elkarri mokoka aritu. Estatuak inoiz ez dio ETAri beldurrik izan, abertzaleon batasunari baizik. Egun abian den prozesuari dio benetako ikara, konfrontazio demokratikoari. Hau eman ez dadin, errepresiozko makinaria guztia martxan jarriko duela ere ziur gaude, besterik ez baitakite egiten. Beraiek inposatu nahi diguten bakearen izenean, gure bakeari egurra. Beraz, eutsi, ez etsi eta ekin...! Ezina ekinez egina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo