GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Zaleak eta zaleak

Margaret Riverren egin berri den PRIME kategoriako txapelketan munduko surflaririk onenak izan dira lehian. Lau eta bost metroko olatuak izan dira, beraz lehiakideek taula handiak erabili behar izan dituzte. Kelly Slaterrek, ordea, taula txiki bat erabili du (1,80 metro), Floridako olatu eskasetan erabiltzen duen taula bera. Lortu beharreko marka guztiak hautsi dituen gizon honek, dirudienez, jada ez daki zer egin berritzaile izateko.

Orain dela urte batzuk Kellyk zirkuituan lagun askorik ez zuela esaten zen, lehiakideak aspertuta zeuzkala. Komunikabideek asmatutako beste gezur bat izan zen, gainontzeko lehiakideek gezurtatu zutena. Egia zera da, Kelly Slater bezalako kirolari apartek milaka jarraitzaile dituztela, eta beraz, etsaiak ere bai, baina askok ez dute beste zenbaitek jasotako babesa lortu, benetako babes baldintzarik gabekoa (kirolean halakorik esaterik baldin badago).

Galeanok zioen moduan, atleta batzuen barnean sekulako jendetza dago. Ikusleak kirolari bat bere egiten du, harekin identifikatzen denean. 1940ko hamarkadan, esaterako, AEBetako gizartea soilik azal zuriko (edo arrosako) herritarrentzat antolatua zenean, hilerrietan ere beltzekin nahastu ezin ziren garaietan, Jack Robinson azal iluneko beisbol jokalariak bere abilezia erakutsi zuen, ikusleen irain, arerioen txistu eta ezezagunen mehatxuen gainetik. Baina bestalde, bere azal berekoentzat ikur bilakatu zen.

1968an, Mexikon egin ziren Olinpiadetan Tommie Smith eta John Carlos afroamerikarrek lehen eta hirugarren postuak eskuratu zituzten 200 metro libreko finalean. Dominak jasotzeko orduan, AEBetako ereserkia jarri zieten bozgorailuetan ozen, haien omenez, baina bi korrikalariek burua makurtu eta eskularru beltzetan zituzten ukabilak jazo zituzten, Pantera Beltzak erakundeko kide gisa. Etsaiak egin zituzten, baita lagunak ere, baina batez ere errespetua irabazi zuten.

Kelly Slater, Cristiano Rolando, Magic Johnson, Rafael Nadal edo antzerako jeinuek milaka zale izan ditzakete, batez ere haien kirola maite dutenen artean. Jack Robinson, Tommie Smith, John Carlos eta antzerako kirolarien zaleak, ordea, harago doaz, kirol lorpenak baino, beraien jarrera eta izaera koherentea dira jarraitzaileek baloratzen dituztenak. Zaleak eta zaleak daude, beraz.

1980ko maiatzaren 14an, Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak, Everesteko gailurrera heldu eta ikur errebindikatiboak iltzatu zituzten argazkirako. Euskal Herrian bihotz asko hunkitu zituen argazki hark.

1975eko abenduaren 5ean, Donostian, Iribar eta Kortabarria ikurrinarekin atera ziren futbol zelaira, ikurrina oraindik legez kanpokoa zenean. Futbolzaleak zirenak eta ez zirenak pozak zoratzen jarri zituzten arratsalde hartan.

Ni ere Slater bezalakoak itsuki maitatzeko hezi ninduten. Zabaleta, Iribar eta Kortabarriak egindakoak lelokeriak direla esateko. Politika eta kirola ez direla nahastu behar erakutsi zidaten (diskurtso politikoetan dagoen diskurtsorik politikoena eta eskasena).

Nik ere Slaterren jarraitzaile sutsu izan nahi nuke, harekin flipatu. Baina sentitzen dut, aukeran, Zabaleta, Kortabarria, Iribar, Robinson, eta abarrekin geratzen naiz. Ez nuke behar, baina haien jarraitzaileago naiz.