GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Jausi eta altxatu gara

Euskal Herria berezi egiten duten ezaugarriak hainbat dira, turismo-kanpainetako horietaz harago. Badugu euskara, gure nortasunaren eta kulturaren eramaile nahitaezkoa, sentitzen duguna adierazteko nahi eta maitea, zalantzarik eta ahuleziarik gabe defendatzen eta zabalarazten duguna. Euskara dela gure ezaugarri nagusienetakoa argi dago, besteak beste, kanpotik -tamalez, barrutik ere- jasaten dituen eraso etengabeek erakusten dute, hots, sekula indartsu eta gehiengoaren aukera bihur ez dadin burututako erasoek.

Euskararen ildotik, hain zuzen, isla daitekeen bestelako ezaugarri nabarmena herri honen antolatzeko ahalmena da. Egunotan Euskal Herria zeharkatzen dabilen Korrikari begiratu besterik ez dugu. Zenbat jende arituko ote den parte hartzen, herriz herri eta auzoz auzo -erraz esaten dena- lasterketa hau posible ez ezik, arrakastatsua ere izan dadin, ez dago jakiterik, hain da handia kopurua. Baina egin egiten ari gara, eta zein polit, gainera.

Korrika bezala, ehunka adibide topa litezke, antolakuntzari dagokionez, herri honen historia hurbilean, non jausi eta altxatzea bizitza-filosofia dugun ia. Hemengo ezker abertzalea ikusi besterik ez dago hori ulertzeko; epaituak, kartzelatuak, legez kanpo utziak, zerrendak gora, zerrendak behera, baldintzak handik, baldintzak hemendik... bilakatu, bilatu, formulak eta proposamenak aldatu, saiatu, eta, hala ere, ez onartuak. Euskararen antzera, ez dadin indartsu eta gehiengoaren aukera nagusia bihurtu.

Izan ere, ezaugarriren batek bereizten bagaitu garai hauetan ere, aurreko bien batuketak ematen duena da: herritarrik kriminalizatuenak gara. Euskaldun eta ezkerrekook, eta baldintza horiek betez gero, gazte zein helduok, gizon zein emakumeok, «demokraziaren eta ETAren arteko gerraren» itzal luze zein zabalpean -benetan, inperialismo modernoaren eta independentzia eskubidearen arteko lehia hutsa dela ezkutatzeko baliatuta-. Beraz, «dena da ETA» leloak etekin handiak ekartzen dizkie gehiengoaren aukerek berberak izaten jarrai dezaten nahi duten guztiei.

Tartean, euskal feminismoa ere geldi egon dadin gura dutenei. Manos Limpias-ek Plazandreok salatu du honek argitaratzen duen aldizkaria dela-eta, bertako zenbait eduki eta irudi «sakrilego» aitzakiatzat hartuta, «ezker abertzalearekin limurkeriatan dabilen euskal lobby feminista» dela esateko. Alegia, herri honen aldaketaren alde gauden eragile guztiok, emakume feminista, sozialista eta borrokalariok eta, ondorioz, boterearentzako eta honen lekaioentzako deserosook barne, argi izan dezagun jomugan denok gaudela, eta adierazpen-askatasuna ez zaigula onartuko gure helburuen lorpenerako, besteak beste, erlijiotik urruneko emakumeon burujabetasunerako.

Uste dute inertzia inperialista eta patriarkalaren maitaleek borroka irabazteko bidean daudela, pixkanaka eragile guztien kontra eginez, erori eta egun batean altxatuko ez garelakoan. Ez baitute ulertzen, inondik inora, indarra ezaugarri horiek ematen digutela, eta ez eurei bezala, makineria politiko-juridiko alderdikoiak eta manipulazioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo