GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Mikel Ibañezi azken agurra

Deserria eta espetxea iragana izan daitezen, «sosegurako» deia

Mikel Ibañezek nahiago izan zuen zutik hil, belauniko bizi baino». Gaztetan egindako hautuak deserria, espetxea eta azkenik gaixotasuna ezagutzera eraman zuten, baina atzo, sufrimendu horren ordainetan, ehunka euskal herritarren agur hunkigarria jaso zuen. Uruguairen eta Euskal Herriaren ikurrak doluak batuta betiko agurtu zuten euskal militantea.

p011_f01.jpg

Oihana LLORENTE

Lakuako Barne Sailak manifestazioa debekatu izanak edota Elgoibarko plaza atzo arratsaldean poliziaz beteta izateak ez zuten euskal preso ohiaren agurra lausotu eta herriko frontoia txiki gelditu zen, Euskal Herritik bertaratutako ehunka lagunei lekua egiteko.

Ibañezen bizitzako hainbat pasarte bistaratu zituzten ekitaldian eta azken egunera arte erakutsi zuen kemena nabarmendu. «Damutu izan balitz, bere ideiak eta bere proiektu politikoa alboratu izan balu, libre emango zituen azken urteak» adierazi zuen ezker abertzaleko ordezkariak. Ibañezek aldiz, «damutzeari uko egin eta beti bere nortasunari eutsiz zutik mantendu» izana gogoz txalotu zuten atzo.

Rubalcabak egunotan bolo-bolo darabilen lupaz ere mintzatu ziren eta atzoko ekitaldiari so eginez gero, «apologia» aurkituko dutela adierazi zuen ezker abertzaleko kideak: «Duintasunaren apologia» nabarmendu eta Ibañez duintasun eredutzat jo zuen.

Gogoan izan zituzten Uruguain igarotako urteak, eta bertan egindako ekarpena nabarmentzeko, Uruguaiko Euskal Herriaren Lagunak (EHL) elkarteko kide batek hartu zuen hitza. Ibañezen heriotza dela-eta, uruguaitarren bihotzak «minez bete» direla esan zuen; Ibañezen bizitzak, ordea, uruguaitarren bihotzak «duintasunez eta konpromisoz bete» zituela adierazi zuen ozen.

Euskal errefuxiatuen asilo eskubidearen alde Montevideon egindako mobilizazio jendetsuak ez zituen ahantzi, are gutxiago, Fernando Morroni eta Roberto Facal gazteen heriotzak, «haiek isuritako odola Uruguai eta Euskal Herria betirako lotu» dituela goraipatuz.

Txalapartaren doinuek girotu zuten ekitaldia, baina Ibañezen senidea oholtzara igo zenean etorri zen une hunkigarriena. Txaloek eta «herriak ez du barkatuko» oihuak bat egin zuten orduan, gazte batek agurra dantzatzen zuen bitartean.

Zirrara eta haserrea ziren nagusi atzo Elgoibarren. Preso ohi baten heriotzak eragin dezakeen emozioa eta Lakuak ezarritako debekuak eragindako sumina, biak bat ziren. Horri so egin nahi izan zion ezker abertzaleko ordezkariak eta «sosegua» eskatu zuen.

Ertzainez josita zegoen Elgoibarko plaza ikustean Frankismoaren «azken urte beltzak» etorri zitzaizkion burura ezker abertzaleko ordezkariari. Bere hitzetan, orduan bezala, «etorkizuna kolokan ikusten du orain Estatu espainolak». Geroa kontrolpean izateko asmoz, Gobernu espainola eta frantsesa abian den prozesua zapuztu nahian dabiltzala iritzi zion eta hor kokatu zituen atzoko debekuaren gisako «probokazioak».

Ezker abertzaleak Euskal Estatua erdiesteko aurkitu duen bidea «egokiena» dela esan zuen eta egungo egoera politikoa «oso zaila» dela aitortu arren, lasaitasunerako deia egin zuen berriz ere; «ziurtasunak eskaintzen duen sosegua», zehaztu zuen.

«Astiro aurreratzen ari gara», adierazi zuen eta ezker abertzaleak agenda politikoan eragiteko duen gaitasuna edo indarrak biltzeko erakutsitako abilezia jarri zituen horren adibide.

Konfiantza. Hori izan zen bere mintzaldiaren gakoa eta egungoak garai nahasiak direla uste arren, «garrantzi eta ilusio handiko momentua» direla-eta, lanerako eta konpromisorako deia egin zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo