GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Jon Anza, egiaren bila

 

Heldu den asteburuan bi urte beteko dira gerra zikinaren esku beltzak Jon Anza bahitu eta hilotz itzularazi zigunetik. Eta horren karietara, Jon Anza kolektiboak omenaldia eskainiko dio igande honetan Urruñan, bere ibilbidea gogoratzeko.

Esan bezala, bi urte iragan dira herria «Non da Jon?» galdera oihukatzen hasi zenetik, «Nun da Popo?» galderaren arrastotik tiraka. Gerra garbirik ez badago ere, gerra zikin horren izenean, Jonen kasua azken atzaparkada baino ez baita izan. Izan ere, «Non da Jon?» galdera bakoitzaren atzean, inkontzienteki, gatazkaren luze-zabal honetan gertatu diren antzeko desagertze edo heriotza kasuekin oroitzen gara, ezinbestez; besteak beste, Pertur, Naparra, Lasa eta Zabala, Geresta, Anuk, Basajaun eta gogoratzen ez ditudan beste hainbat.

Bi urte gure memoriaren mapa malapartatu honetan leku bat gehiago zerrendatu genuenetik. Kaietenia, Hendayais, Les Pyrenees, Bittor, Mon Bar ez ezik, hainbat toki izen ere ezagun egin zaizkigu denboraren joanean, eta orain Tolosako morguearen izena ere ikasi behar izan dugu halabeharrak bultzaturik: Purpan.

Eta murmurio halako bat entzun genuen guk ere Jose Luis Otamendik Hatsaren olerki bilduman Jon Anzari eskaini poeman legez, «ez dakit non nagoen eta ez dakit banaizen/ desagertu egin naiz/ hilda egon naiteke edo historiaren amaraunean galdua agian/ desagertu egin naiz...».

Eta murmurio hori lau haizetara zabaldu zen Euskal Herrian barrena, gure bihotzetara iritsi zen arte.

Trena bizitzaren metafora gisa, bizitzaren azken trena hartu zuen Jon Anzak, eta tren horrexek eraman zuen gugandik urrun, gure bihotz-zolak arrakalatuz, sentipen itsuenak inarrosiz, amildegiak irekiz. Irrati bidezko albisteak eragin zidan zirrara gogoan dut oraindik ere.

Harrezkeroztik badoan tren oro zaintzen dugu, gure zati bat baitarama tren bakoitzak eta urrutiratzen den arte begiratzen diogu, puntu beltz bat egin eta ihes betean desagertzen den arte.

Begirada zerumugan dugula, oroimen urruna arakatzen dugu. Jonek hainbeste maite zituen mendi eta bazterrak begiratzen ditugu lanbroak ezkutatzen dizkigunean, baita berak idatzitako poemak irakurri ere: «gure maitasuna barrikadarik gotorrena delako/ gure bihotzak fusilik indartsuenak/... Bizitzeko borrokatzen dugu/ maitatzeko bizi gara/ barrikada honetatik ez dira pasako».

Badira asko ematen duten pertsonak eta badira dena ematen dutenak. Eta Jon ezagutu duen orok badaki dena eman zuela hainbeste maite zuen herri honen askatzeko. Egoerarik zailenean ere galtzen ez zuen irribarre xumearekin gelditzen naiz eta amets handiak urrats txikiak emanez osatzen direnez, Jonen ametsa ere halakoxea zela esan daiteke: ibiliaz utopia haiek gauzatzen joatea edo beste era batera esanda: utopia haien bitartez bizitzari zentzua ematea.

Azken finean, borrokaren epikari behar zuen samurtasuna eman ziola esango nuke.

Egia da zure ametsak ez dituztela erail, zure ahotsa ez dutela isil. Egia da, agian, egiarekin baino ezingo direla itxi zauriak; egia da egiak askeago egingo gaituela eta Gabriel Arestiren egiarekin bat eginez gu ere ez garela inoiz, inola, inon isilduko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo