KRONIKA | Korrika 17
Ttipi-ttapa, munduan barrena
Euskal Herritik mundura. Atzerrian dauden euskaldunak eta euskaltzaleak festa giroan elkartzeko aitzakia polita izateaz gain, munduari Euskal Herriaren eta euskararen berri emateko tresna da Korrika.
Oihane LARRETXEA-Xole ARAMENDI
Euskal Herritik kanpo, Korrikaren aldeko aldarria entzuten goiztiarrenak Bartzelona, Madril, Berlin eta Kordoba (Argentina) izan dira. Iragan larunbatean ospatu zuten hiriotan AEK-k antolatzen duen jaia. Horiez gain, ugari dira lekukoa hartu duten tokiak: Valentzia, Mar de Plata, Medellin, Boise, San Frantzisko, Shanghai, New York, Txileko Santiago, Londres, Brno (Txekia), Reno... zerrenda luzea da.
Larunbat eguerdian iritsi zen Korrika Berlinera. Euskal Etxeak hartu du antolakuntza lanen ardura. Sortu berria da. «Joan den urrian, Berlinen aspalditik lanean ari den Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein erakundeari (Gernika Euskal-Alemaniar Kultur Elkartea) ofizialki aitortu zioten Euskal Etxe izaera eta, horren ondorioz, hainbat lagun agertu dira proposamen zein asmo berriekin. Korrika antolatzeko prest asko batu gara», kontatu zuen Jon Andoni Lekuek.
Korrikaren etorrera iragarri dute hirian azken asteotan. Galdera ugari egin dizkiete berlindarrek. «Lasterketa oso arin ote doan, irabazlerik ba al dagoen, kirol jantziekin joan behar al den, inon izena eman eman behar den... oinarrizko azalpenak, guretzat galdera bitxiak izan arren!», zioen.
Korrikak, Berlinen ere, euskaldunak eta euskaltzaleak batzeko balio izan du. «Oso giro polita sortu da gure artean, pozik gaude», adierazi zuen.
Bartzelonako Euskal Etxeak ere larunbatean ospatu zuen Korricursa. Euskal Etxetik irtenda Sants auzoan dagoen Cotxeres-eraino egin zuten Bartzelonako toki esanguratsuenetatik igaroz: Colon, La Rambla, Montjuiceko iturriak... Ibilbidea erakargarriagoa egiteko, hainbat ikuskizun zituzten antolatuta. Cotxeres de Sants-en txikienek jolasak zituzten zain. Herri bazkaria giro ederrean egin ondoren, arratsaldean trikipoteoaren txanda iritsi zen. Egitarauari amaiera emateko, iluntzean kontzertua eman zuten Esne Beltza, Belda eta Badabadoc taldeek.
Sydneyko Harbour Bridge zubi ezaguna ere zeharkatu zuen igandean Korrikak. Atzera-aurrera zebilen bat baino gehiago harrituta geratu zen euskararen aldeko aldarriak entzun zituenean. «Geure burua ezagutarazteko ekimenak antolatu behar ditugu -esan zuen Zaloa Arrietak-. Euskalduna zarela esaten dugunean jendeak ez daki askorik. Ikus dezatela nolakoak garen, zergatik garen garen modukoak eta ikus dezatela gure hizkuntza eta kulturaren aberastasuna».
Gorka Ojeda gasteiztarra izan da Sydneyko Korrikaren bultzatzaile nagusia. «Euskal Etxeko zuzendaritza taldean gazte talde bat sartu ginen orain hilabete batzuk. Orain arte ez bezala, egitasmo berriak antolatu nahi ditugu. Gazteak erakarri eta Gure Txokoa ezagunagoa egin nahi dugu, bai hemen bai kanpoan», kontatu zuen. Guztira, 120 inguru dira Sydney hirian bizi diren euskaldunak.
Shanghaiko Euskal Etxeko kideek eta lagunek ere igandean ospatu zuten Korrika.
Hilaren 16an iritsiko da Korrika New Yorkera. McCarren Park-en izango da hitzordua, Brooklyn-eko Williamsburg auzoan, Euskal Etxetik gertu. Babarrun jana ere prestatzekoak dira. 2009. urtetik ospatzen dute Korrika. Unai Lauzirika lekeitiarrari otu zitzaion euskararen aldeko festa AEBetara eramatea.
New Yorkeko Central Parken
Lehen edizio hura Central Park-en ospatu zuten. «Bertan zeuden hiritar eta turistek harrituta begiratzen gintuzten... Zertan ari ginen eta zein hizkuntzatan hitz egiten genuen ere galdetu zigun batek baino gehiagok. Guk, arnasestuka, ahal genuen moduan erantzuten saiatu ginen, baina ez dakit oso baliagarria izango zitzaien. Dena den, begi onez begiratzen gintuzten, hori seguru», kontatu du Imanol Botxo-Manzisidorrek.
Beste hiri batzuetan ez bezala, badute euskaldunon berri. «Euskal Herria mapan kokatzeaz gain, gure kulturaz eta historiaz badakite zerbait», esan du.
Hurrengo egunean, apirilaren 17an, ailegatuko da seguru asko Korrika Brno-ra (Txekiar Errepublika). Sydneyren eta Berlinen kasuan bezala, lehen aldia da. «Bosgarren urtea da Brno hiriko Masaryk Unibertsitatean euskarazko irakurletza dagoela eta inoiz ez da Korrikarik egin», azaldu du Ainara Maiak.
Euskararen eta Euskal Herriaren berri emateko baliatuko dute hitzordua, «bertako biztanleek ez baitakite askorik», Maiak aitortu duenez.
Aurretik, antolatu dute besterik. Hilaren 14an, ilunabar literario poetiko-musikala izango dute. Asier Serrano eta Harkaitz Cano bertan izango dira.