GARA > Idatzia > Kultura

Caroline PHILLIPS | Kantari eta musikaria

«Indian ezagutu dugun fantasia barneratu dugu disko berrian»


Kalifornian sortua, gaztetatik musikan murgildu zen, eta piano klasiko eta kantu ikasketak egin zituen. Parisen Arte Lirikoa ikasi ondoren, jazz mundura egin zuen jauzi eta emanaldi asko eskaini. Autore eta konpositorea izaki, grabaketa estudioan ezagutu zuen Mixel Ducau. Euskal Herrira etorri zen berarekin, eta, zarrabetea jotzen ikasi zuen. Mixel Ducaurekin, Bidaia proiektua sortu zuen 2007an.

p042_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Mixel Ducau eta Caroline Phillips musikari eta kantariek 2007an Bidaia taldea sortu eta «Duo» izeneko lehen diskoa kaleratu zuten. Bikotean hasitako egitasmo hori beste hainbat musikariri zabaldu diote berriki ateratako «Agur Shiva» diskoarekin. Euskal Herriko doinuetan oinarrituz, munduko musikak zeharkatzea da Bidaia taldearen xedea. Bigarren disko horretan, Indiako doinuak dituzte nagusiki barneratu.

«Duo» izeneko lehen diskoa bikote lana zen, oraingoan beste zenbait musikariri ere ireki diezue atea, Niko Etxart, Petti eta Oreka Tx-i, kasu. Zergatik?

Beste musikariekin lan egin nahi genuen. Disko berri honetan beste artista batzuk gomitatu ditugu, hala nola, Niko Etxart eta Petti, Kiki Graciet, Aziz Fayet laute eta darbuka jotzailea, eta Elixabet Dufour xirula eta pandero jotzailea. Lehen diskoan nahi genuen bien arteko bikote bat egin, baina musikaren aldetik mugatuak sentitu gara. Beraz, kolaborazioak bilatu ditugu, eta, horrela sortu da lan hori.

Kolaboratzaileak hartzeaz gain, bikote hutsaren formatua aldatu duzue, eta berriz ere taldea osatu duzue azken disko honetan...

2003an talde batean ginen, baina kudeatzeko sobera konplikatua zen, baita garestia ere kontzertuak egiteko orduan. «Duo» diskoan, `ttotto-lolo' eta kezkarik gabe aritu nahi genuen. Halere, mugatuak sentitu gara alde horretatik, eta, beraz, tarteko formula bat bilatu dugu. Lau musikariz osaturiko taldea egin dugu.

Euskal musikaren doinuetan oinarrituz, munduko musiketan barrena bidaiatzeko aukera ematen duzue...

Gure bidaia da. Gure kulturaren sustraietatik beste musiketara joan nahi genuen. Duela bi urte Indian ibili ginen `kantu karmatikoa' ikasten. Indian ezagutu dugun fantasia hori sartu dugu abestietan. «Sarigama» abestian, esate baterako, Indiako musika eta «Axuri beltza» dantzaren doinua nahastu ditugu. Horretaz gain, elementu ezberdinen ekarpenarekin gure kultura berrikusten saiatu gara. Pettiren ahotsa eta Kiki Grazieten harmonikari esker, «Txoria txori» kantuaren blues bertsioa ematen dugu. Ildo bat dago, euskal musikan sustraiturik Balkanetako, Indiako edo beste herrietako doinuak nahastea.

Halere, Indiako eragina nagusi da zuen azken disko honetan...

Nolabait zahartu egin gara. Ez gaude gehiago aldarrikapen hutsean, baina bai kultur eta hizkuntz aldarrikapen batean. Ongi gara, lasai bizi gara Baionan. Bidaia egitasmoa nor garen horri buruzko hausnarketa bat da. Yoga, meditazioa, gure eguneroko bizian sartua da.

Baionan eginen duzuen aurkezpen kontzertutik kanpo, non agertuko zarete?

Kanpoan azaltzeko aukera aztertzen ari gara. Gure euskal nortasuna irekitasun bezala ikusten dugu. Kanpoan azaltzea garrantzitsua iruditzen zaigu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo