GARA > Idatzia > Mundua

Indarrean da Estatu frantsesean burka edo nikab-a janzteko debekua

Estatu frantsesean zapi islamikoa janztea eragozten duen legeak estropezuka eman ditu aurreneko urratsak. Atzo sartu zen indarrean, eta gutxienez lau lagun hartu zituen atxilo Parisko Poliziak, arauaren aurka eginiko manifestazio batean parte hartzen zeudela.

GARA |

Estatu frantseseko leku publikoetan aurpegia erabat estaltzen duen zapi islamikoa eramatea galarazita dago atzotik. Hautsak harrotu dituen arauak aurrerantzean ere emango du zeresana, polizia sindikatuek ere aitortu baitute «oso zaila» dela araua aplikatzea.

Kalean, garraio publikoetan, dendetan, ikastetxeetan, ospitaleetan, epaitegietan eta gainerako leku publikoetan burka edo nikab-a soinean ibiltzen denak 150 euroko isuna ordaindu eta ikastaro batzuetan parte hartu beharko du.

Emakumea zapia eramatera derrigortzen duenari, berriz, zigor gogorragoa ezarriko diote, urtebeteko espetxealdia eta 30.000 euro arteko isuna.

Lege berria indarrean sartu izanagatik ere, emakume asko euren ohiko zapiekin atera ziren kalera.

Intsumisioa eta atxiloketak

Horietako bat izan zen Kenza Dider. Egun, 32 urte ditu, eta 13 zituenetik erabiltzen du nikab-a; atzo ere hori jantzita joan zen Parisera, telebista saio batean gonbidatu gisa parte hartzera. Saioan ez zuen arazorik izan, baina geroxeago atxilotu egin zuten, beste hiru lagunekin batera, Notre Dameko katedralaren aurrean protesta egiten ari zirenean. Poliziak adierazi zuenez, hiru emakumeak eta manifestazioa antolatu zuen elkarteko kidea ez zituen atxilotu zapia eramateagatik, mobilizazioa egingo zutela jakinarazi ez zutelako baizik.

Legeak zehazten duenaren arabera, segurtasun indarrek aurpegia estalita daramaten emakumeak atxilo hartzeko eskumena dute, baina ez indarra erabiltzeko.

Polizia sindikatuek arau berria aplikatzea «oso zaila» izango dela aitortu dute.

 
isunak

Aurpegia erabat estaltzen duen zapi islamikoa leku publikoetan eramatea 150 euroko isunarekin zigortuko dute. Emakumea zapia janztera behartzen dutenek, berriz, urtebeteko espetxe zigorra eta 30.000 eurora arteko isuna jaso lezakete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo