KRONIKA | Korrika 17
«Bertze bat arte!» erran dio Korrikak Nafarroari, Lapurdin aitzina egiteko
Nafarroan eman ditu azken hiru egunak euskararen aldeko lasterketak. Goitik behera eta ezker-eskuin zeharkatu ostean, agur esan zion Korrikak Euskal Herriko lurralde zabalenari. Arratsaldean Sarak Lapurdiko ateak zabaldu zizkion. Korrikak gauean utziko du herrialde hau eta Irundik Gipuzkoara helduko da.
Oihane LARRETXEA
Bera izan zen Korrikaz gozatzeko aukera izan zuen azken herri nafarra. Lurralde zabal eta anitz honetan hiru egun eman ditu martxa jendetsuak, baina ordua heldu zen «agurrik ez, gero arte» esateko, bertan arineketan aritu zirenek baieztatu zutenez, Donostian izango baitira datorren igandean, edizio honetako azken egun handia ospatzeko gertu. «Laster arte» hori, baina, ezin hobea izan zen, jendetsua, borobila, lurralde batetik bestera aldaketa egiteko.
Ehunka ziren bi alboetan furgonetaren zain espaloietan pilaturik ziren beratarrak. Gazte eta haur asko animatu ziren, ikastolatik kide guztiekin korrika egitera. Aurreko pankarta segituan txiki gelditu zen eta ez zen gai izan lehen ilara mutur batetik bestera estaltzeko.
Festa giro handiena Alde Zaharrean sartzean sumatu zen, izan ere, sarrerako etxeetako balkoietatik konfeti mordoa jaurti zuten bizilagunek, paperezko euria bailitzan, distiratsu, haizearekin dantzan. Une horretan, aurtengo edizioko maskota irudikatzen duen «K» hizki erraldoi bat zabaldu zuten bertakoek, buruan bere bihotza eta guzti zuela. Buruak fantasiazko zirimiri honekin «bustita», aurrera egin zuen jendetzak, Lapurdi hartzeko prest. Maldan gorako azken txanpa honetan, eta oraingoan egiazko zirimiriak bustita, Bortzirietako Euskaltegiak, Etxeratek, LABek, Berako ezker abertzaleak eta Berako Udalak hartu zuten lekukoa 946, 947, eta 948 kilometroetan, hurrenez hurren.
Euskaraz ikasi nahi dute
Nafarroako azken etaparen une batzuek aldarrikapenetarako tartea eskaini zuten, batez ere goizaldean. Esaterako Erratzun, 876. kilometroan, «Euskara lingua navarrorum» zioen pankarta eskuetan zutela hartu zuten parte Iruñeko Sasoian erretiratuen elkarteak. Bertaratu eta haiekin biltzeko gonbita egin zuten duela egun batzuk, eta atzo Nafarroako hiriburutik autobus oso bat abiatu zen kilometroan topo egiteko. Haien aburuz, gaztaroan oso bestelako bizipenak izan dituzte euskararekiko eta garai haiek igarota, ez daude geldirik egoteko prest. «Umetan mespretxuak, soldaduskan, arazoak normaltasunez bizitzeko, baita ikasketetan eta lanean ere», zioten elkarteko kideek. Euskara baztertu eta gaztelania eta frantsesa inposatu zieten garai hartan orain erretiratuta dauden asko eta askori, «eta beste batzuk -adierazi zuten- inperioko hizkuntzaz hezi gintuzten; `lo vasco' zerbait arrotz, txantxarako eta suntsitzeko zela esan ziguten».
Baztan aldean aurrera eginda, Elizondo, Gartzain, Irurita, Arraioz, Oronoz, Oieregi eta Narbarten, besteak beste, haurren presentzia bereziki nabaria izan zen. Aurpegiak «Korrika» zioten itsaskinez beteta zituzten: masailetan, sudurrean, kopetan... eskuetan, berriz, «Eskola txikiak bizirik!», «Narbarteko eskola» edota «Eskola txikiak bizirik!» aldarrikatzen zuten kartelei eusten zieten. Herri txikiak ziren atzo zeharkatutako asko, eta horregatik, ikasle kopuru urria dela-eta, bertako eskola askoren egoera ikasturte batetik bestera zeharo alda daiteke.
Hori da Narbarten, 892. kilometroan, salatu zutena, izan ere, Eratsungo eskolak irailean ateak itxiko ditu, edo, hobeki esanda, ixtera derrigortu dute. Iragan martxoan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak eskutitzez jakinarazi zienez, irailean ezingo diote ikasturte berriari ekin, ez baitituzte gutxienez bete behar diren bost matrikulak jaso. Oraingoz, Izarne eta Haritz Mariezkurrena, Amagoia Mindegia eta Naroa Retegi neska-mutikoak dira datorren ikasturtean bertan ikasteko izena eman dutenak. Gutxienez beste batek ez badu egiten, guztiek egunero etxetik Donezteberaino joan beharko dute, euskaraz ikasi nahi badute. Itxieraren aurkako borroka, oraingoz, sinadura bilketarekin saiatu dira ekiditen. Atzo Korrika horren inguruko kexua agertzeko erabili zuten, baina salaketa koloretsua izan zen, umeak irrika zirela.
Barrez egin ordez, bertsotan egin zuen ibilbidea Josebak, bere burua Andoni Egaña gisa aurkeztu zuen txirrindulari bertsolariak. Bizikletan ekin zion Oronozetik txangoari eta Saran gurpilen gainean jarraitzen zuen. Tarteka giroa jartzeaz arduratu zen, aurreko furgonetako esku batek mikrofonoa eusten zion bitartean bertso bat botatzeko. Klasiko bilakatu zen atzoko egunean.
Egun-pasa Lapurdin
Maldan gora, ttipi-ttapa zapaldu zituzten «euskalakariek» Lapurdiko lurrak. Erritmo arinean egin zuen gainera, hogei minutuko atzerapenarekin baitzebilen Korrika, baina beratarrek sasoian daudela erakutsi zuten. Ahaleginaren ostean, izerdiak eta euriak bustita, Sarak goxo hartu zituen parte hartzaileak, «ongi etorri» esango balu bezala. Bost egun zain egon ostean Iparraldea hartu zuen martxak, egun bat iraungo duen ibilbideari ekiteko.
Senpererako bidean ere izan zen bertsotarako tarterik, baina oraingoan ez ziren Josebarenak izan, Karlos Aizpurua (Oiartzun, 1971) bertsolariarenak baizik. Gipuzkoarra Saran bizi da eta lekukoa eraman zuen kilometro batez. «Zer hobeto momentua bertsotan aritzeko aprobetxatzea baino», pentsatu zuen Aizpuruak.
Lekuko eramaileen artean kirolari ugari izan zen, besteak beste, Biarritzen Biarritz Olympique errugbi taldeko jokalariek eraman zuten, ohi bezala, lekukoa 985. kilometroan, euren maskota den indiarra martxan buru jarri zutela.
Gero, Angelu pasata, Baionara heldu zen Korrika 22.ooak pasatxo zirenean, alegia, ibilbideko bigarren hiriburua eskuratuz. Eguna Beskoitzek zabalduko du, eta goizean goiz, askorentzat gosariko kafearekin batera, Maulera helduko da 17. edizioa. Eguerdian Donibane Garazi, eta hortik aurrera pixkanaka Iparraldea utziko du: Itsasu, Uztaritze, Senpere... eta azkenik Hendaia, jarraian Gipuzkoan sartzeko. 23.00ak baino hamar minutu lehenago Irunen sartuko da, Ficoba Euskal Kostako Nazioarteko Erakustazokatik, Santiago zubia zeharkatuz.