GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

«Gizarteak gure lana baloratu dezan, ezagutu egin behar du lehenik»

 

p020_f02.jpg

Naroa Aldanondo
Biologian Doktorea

Uztailean defendatu zuen doktore-tesia eta handik abiatuta osatu duen «Antxoaren gorabeherak ulertu nahian» lanarekin lortu du CAF-Elhuyar sariketako doktore-tesietan oinarritutako artikuluen saria. Bizkaiko Golkoko antxoa gaztearen erreklutamendua izan du aztergai.

M.E.

Artikulua idazten hasteko, nagia kentzea kostatu zitzaiola aitortu du. Ez da harritzekoa, lau urtez landu izan duen doktore-tesia uztailean defendatu baitzuen. Hari heldu behar izan zion berriz ere, artikulua marrazteko. Biologian doktore den Naroa Aldanondok Bizkaiko Golkoko antxoa gazteen erreklutamenduaren azterketa egin du tesian eta CAF-Elhuyar saria jaso duen artikuluan. «Larbak eta antxoa gazteak -urtebete baino gutxiagokoak- aztertu ditut, fase hau erabakigarria baita erreklutamenduaren -heldutasunera iritsi eta populazioan sartzea lortzen duten indibiduo kopurua- aldakortasunerako». Haien hazkuntza eta mugimendu ereduan jarri du arreta.

Udazkenean egin zituen landa azterketak eta otolitoak izan ditu neurria hartzeko b aliabide nagusi; izan ere, «arrainen oreka-sistemaren parte dira otolitoak, eta adina zehazteko eta hazkuntza nolakoa izan den jakiteko erabili ohi dira, arraina hazi ahala, otolitoari eraztunak metatzen baitzizkio».

«Errute garaiko unerik gorenean, maiatzean eta ekainean -ohartarazi du lehenik eta behin-, jaiotzen diren aleek bizirautea lortzen duten urteetan, aukera handiago dago erreklutamendua arrakastatsua izateko». Bere esanetan, «jaiotze dataren arabera, hazkuntza eredu desberdinak dituzte» eta maiatzean eta ekainean jaiotzen direnak, uraren tenperatura medio, hasieran polikiago hazten badira ere, gerora, gazte direnean hazkuntza azkarra dute eta negua iristerako hura gainditzeko adinako tamaina hartzen dute. Aipatu hilabeteetan jaiotako aleak bizirautea, beraz, erreklutamendurako oinarrizkoa da.

Antxoen bidaia edo mugimenduetan jarri du arreta, halaber. Kostaldean erruten du antxoak ibaien isurialdeetan, bertan nahikoa elikagai topatzen duelako, baina ur ozeanikoetara egiten dute bidaia askok. «Udazkenean errute eremuan zeuden ale handienak eta txikiagoak, berriz, kanpoaldean». Teoria onartuen arabera, suposatu izan da ale handienek ez zutela mugimendurik egiten.

Ikerketa honetan, kontrakoa ondorioztatu du Aldanondok, ur ozeanikoetara egiten den joan-etorria erreklutamendurako onuragarria dela alegia, «mugimendua egiten dutenei hazkuntza azkarragoa» atzeman baitzaie. «Ur ozeanikoetan zeuden ale txikiak oraindik ere itzultzeko betarik izan ez zutenak dira». Azaldu du, zentzu honetan, teoria klasikoak beste eremu batzuetara egokitzen direla hobeto eta Bizkaiko Golkoaren kasuan mugimendua beste modu batean, zabalagoan, ulertu beharra dagoela.

Laburbiltzea, lan nekeza

Ondorio eta datu franko jasotzen zituen tesia artikuluan azaltzeko, luzera izan du muga nagusi. «Tesian lortutako ondorio guztietatik, benetan zeintzuk azaldu behar nituen erabaki behar izan nuen, zer kontatu».

Hura guztia nola kontatu izan zen bere buruari egin zion bigarren galdera: «Lau urtez aritu naiz gai bat lantzen eta nire beldurra zen hainbat fenomeno jakintzat ematea eta ulergarria ez zen artikulu bat idaztea». Jarritako helburua lortu zuen edo ez jakiteko etxekoak izan ditu laguntzaile.

Bere iritziz, ikerlarientzat obligazioa behar luke dibulgazioan aritzea: «Ikertzaileek beti diogu gizarteak ez gaituela behar adina baloratzen eta kontuan hartzen; baina jendeak ezer baloratzeko ezagutu egin behar du». Arlo honetan, ordea, kontzientzia falta dela uste du.

Sariari dagokionean gustura agertu da «jende askok jakin baitu azken lau urteak zer lan egiten eman ditudan, balio bat ematen dio nire lanari».