GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Korrika 17

Goierri eta Urola eskualdeek bero-bero hartu zuten lekukoa

Eguzkiaren aurreneko izpiekin agurtu zuten Korrika Goierriko paisaia ederrek. Lekukoa eskutik eskura pasatuz, eta Txindoki urrunean izanik, aurrera egin zuen lasterketa koloretsuak maldan gora eta behera, Urolarako bidean. Eta honek, noski, ez zion hutsik egin, amaierarik gabeko jende oldeak eman baitzion babesa Korrikari.

p016_f02.jpg

Ana ABARIZKETA

Tolosaldean egunsentia igaro ostean, Goierrira salto egin zuen Korrikak zazpigarren egunean. Ordiziatik Beasainera, eta martxan etenik jarri gabe, Lazkaora egin zuten salto korrikalariek. Gaztetxo ugari ikusten ziren herrietan, Ikastolako egunerokotasuna eten eta tartetxo bat eskaini baitzioten lasterketari, Korrikak merezi du-eta.

Herriz herri errepikatzen diren lelo eta oihuak ere ez ziren falta izan. Lekukoa hartzen berriz, besteak beste, Ataungo eta Lazkaoko talogileak edo Dionisio Amundarain euskaltzaina ikusi genituen, bakoitza bere martxan, baina pausoz pauso, gelditu gabe, euskararen herrian bizi direla aldarrikatuz.

Zeinu hizkuntzan, dantzan

Idiazabalen Josebaren bertsoa eta irrintzia entzun ostean, goizeko unerik hunkigarrienetakoa iritsi zen Ainhoa Moiuaren eskutik. Berea da Zea Mays talde bizkaitarraren azken bideoklipeko aurpegia, bera izan baita «Zerua joan da eta» abestia zeinu hizkuntzan eman duena. Seguran, etxe ondoan, urduritasunari aurre egin eta furgonetara igo zen abestia larre berdeetara zabaltzera. Korrikan zihoazenak animatu zituen, bat baino gehiagori bihotza kizkurtuz. Egun osoan behin eta berriz gertatzen diren hamaika une hunkigarri horietakoa izan zen. Eskuak gora altxatuz eta astinduz agurtu zuten Ainhoa.

Zerain, Mutiloa, Ormaiztegi... aurrera egin zuen Korrikak, maldan gora eta behera, musika jartzen duen furgonetarentzat neketsuegiak diren bideak zeharkatuz. Orduak aurrera egin ahala tenperaturak ere gorantz egin zuen. Kamiseta bustiak nonahi, aurpegi gorriak errepikatzen ziren. Horrela, Goierri atzean utziz Urolan sartu zen Korrikak.

Urolan ere ttipi-ttapa

Nuarbeko urtegia eta Urrestilla zeharkatuz, Zestoa ere gustuz hartu zuen arratsaldean Korrikak. Azpeitian traka bikoitza izan zuten, Korrikaren joan eta etorriaren testigu izan baitziren. Urola eskualdean barrena jendetza zen batean zein bestean ikusten zena. 17.10ean, Korrikaren 1.421. kilometroan zeharkatu zuen herria. Han agertu ziren Zestoako Herri Eskolako gaztetxoak ere dena ematera.

Azpeitirako bidean, beroari aurre egin nahian ura eskatzen zuten korrikalariek eta ura ere bata besteari pasatuz osatu zituzten kilometroak. Herrira sartzearekin batera ehunka lagunek eman zioten ongietorria Korrikari. Gainezka zeuden herriko plaza eta kale nagusiak. Ikasberri Ikastolako gazteek Kilometroen ikurra erakutsi zuten, beraiek baitira datorren Kilometroak jaialdia antolatu dituztenak.

Irudi paretsua osatu zen Azkoitian ere, behin edo behin aurpegi berberak ere bai, eta askoz ere gehiago berriak. Kaleak eskoletako txikiek pintatutako marrazkiz apainduta zeuden, Korrika dotore hartu behar baita. Azkoitiak ere euskararen herriaren parte izan nahi duela erakutsi zuen.

Eta aurrera egin zuen Korrikak. Elgoibar, Eibar eta Soraluze zeharkatuz iluntasunarekin batera, Bizkaian egin zuen parada Korrikak gauean. Ez luzerako ordea, ordu txikitan Gipuzkoara sartu baitzen berriro. Arabarako bidean Gipuzkoako Debabarrena baitzuen agurtzeko gertu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo