GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Haizea Barcenilla Arte komisarioa

Eta orain Montehermoso?

Montehermoso Arte Ederretako fakultatearekin lankidetza programa ezartzen lehena izan da, artista gazteei erakusteko aukera emanez (eta bere ingurunearekin lan egitea deritzot nik horri)

Gasteizko zinegotzi jeltzale Jone Zamarbidek Montehermoso arte zentroaren gaineko kritika batzuk kaleratu ditu azken egunotan. Zamarbideren arabera, Gasteizko zentroa espezializatuegia da eta ez du bere inguruko gizartearekin loturarik lantzen. Montehermosok hartutako ildo feminista itxiegia omen da, eta ez da gizarte zentro bat bihurtu. Izan ere, inguruko sare artistikoarekin ere ez ei du erlaziorik ezartzen, eta honek gaitzetsi egiten omen du.

Adierazpen horien ondoren jasotako erantzun negatiboak direla-eta, gainera, eztabaidaren aurrean horren bortizki erantzuten dutenek ezkutatzeko zerbait behar dutela izan gehitu du zinegotziak.

Zenbaitek aurpegiratu diote Zamarbideri hauteskunde kanpainaren ondorioz aritzea horrelako kritikak egiten. Zamarbidek dio, ordea, arte zentro batek diru kopuru bat gastatzen badu, ez dela harritzekoa honen jarraipena egin nahi izatea. Zilegi. Larritzen gaituena zera da: zelako ikuspegi eta prestakuntza du Zamarbidek, kultura eta arte sistema, sare eta politikei buruz mintzatzeko? Zein ikuspuntutik eta zeinen izenean egiten du zinegotziak halako kritika latz eta publikoa? Eta azken batean, zergatik uste dute politikariek zientzia gaietarako batzorde bat sortu eta haien esanak jarraitu behar dituztela, kulturan, aldiz, beren iritzia baino ez dutenean kontuan hartzen?

Joan gaitezen puntuz puntu. Zamarbidek dioenez, Montehermosoren betebeharra jendea elkartu eta bertako artistekin elkarlanean aritzea litzake.

Baina ez al ditu jada hiriak eskakizun horiek betetzen dituzten zentroak? Artium, kasu, bilduman eta publikoaren harreran oinarritzen da. Bere erakusketek arte garaikidearen alor zabalak hartzen dituzte; esaterako, Espainiako sari nazionalari ezetz esan dion Santiago Sierraren lana, eta aurretik, «Gauerdia Hirian» izenpean horren inguruko lanak erakusten zituen erakusketa, teorikoki oso konplexua ez den gauza, alegia.

Bide batez, ezin da esan gainezka dagoenik beti. Ez dut uste Gasteizeko ikusleriari arte «eskuragarriaren» eskaintza txiki geratzen zaionik.

Bestetik, Amarika Asanblada dago, hiriko artistek programatutako plataforma, hiru erakusketa areto kudeatzen dituena. Honetan bertako artisten lanak egoten dira ikusgai, eta plangintza aberatsa eta askotarikoa du, eszena arteak eta ikusizko arteak uztartuz. Azkenik, horri gehitzeko, Caja Vitalek erakusketa areto aipagarria du, publiko orokorrari zuzendua zehazki, eta Krea produkzio zentroa irekitzear egon beharko litzateke.

Beraz, ze beste funtzio sozial dagokio Montehermosori? Ikastaroak ematea, jendea elkartzeko zentroa? Gasteizek ez al du jada Udalak horrenbeste azpimarratzen duen gizarte zentroen sare bikaina? Ez al dago horietako bat Montehermoso bertatik ehun metrora?

Montehermosok beste funtzio bat du hiriaren amaraunean eta arte munduan, oso garrantzitsua den funtzio bat: arteetan ikerketa, produkzioa eta erakusketa sustatzen ditu. Jakintzaren produkzioan dihardu, eta bai, horretan espezializatuta dago, zientzia ikerketako zentroak zientzian espezializatzen diren modu berean. Euskal Herriko artisten eta kanpokoen artean loturak ezartzen ditu, Europa osoan ezagunak diren beken eta bestelako erakusketen bidez.

Montehermoson ikusi ahal izan ditugu Dora Garcia, Alberto Toscano, Susan Hiller edo Linda Nochlin bezalakoen aurkezpenak, Artur Zmijewski, Dan Perjovski, Chto Delat, Patricia Esquivias, Teresa Margolles edo Katerina Seda nazioartean saritutako artisten lanak, beste askoren artean. Montehermoso Arte Ederretako fakultatearekin lankidetza programa ezartzen lehena izan da, artista gazteei erakusteko aukera emanez (eta bere ingurunearekin lan egitea deritzot nik horri).

Hori baita Montehermosoren funtzioa, bakana Rekalde eta Artelekuren gainbeheren osteko Euskal Herri artistikoki tristatu honetan, gure inguruan lan hori egiten duen azkeneko instituzioa izanik: produkzioa, ikerketa, esperimentazioa.

Gainera, Zamarbidek Montehermosoko erakusketak itxiegiak direla esaten badu, ziurtatuko nuke ez duela askotan bisitatu. Azken erakusketak, «¿Tierra de nadie?» izenekoak, lurraren jabetzari buruzko eztabaidetatik sortutako lanak aurkezten ditu, nazioarteko politikan eta historian interesa duen edozeinentzat oso erakargarria. Baina arreta ere eskatzen duena.

Ahaztu egiten baitzaigu ikusleriak arte garaikidearekin duen erlazioa tirabiratsua izatearen errua ez dutela arte zentroek bakarrik, azken urteetan politikatik arte espektakularraren alde egindako apustuak ere badu zerikusia, hala nola kulturan adituak izan gabe kudeatzaileek hartutako erabaki oker askok. Erabaki oker horietako azkena, hain zuzen, Montehermosoren esperimentazio ildoa ixtea litzateke, loratua izan zen gure ingurune artistikoari heriotza-ukaldi bat ematearen antzeko ekintza.

Euskal Herriko kulturaren gaitzik okerrena politikariek denon izenean eta inori galdetu gabe hartutako erabakiak dira, denon ustezko onerako eta benetako beharrei so egin gabe. Arte munduan nazkatuta gaude, galdetu gabe gure, «herritarren» izenean hartutako erabaki ezjakinak pairatzeaz. Montehermoso ez dadila izan hurrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo