GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Populuaren indar guztiak metatu behar dira euskararen alde»

p017_f01.jpg

Aurelia Arkotxa
Euskaltzainburuordea

Aurtengo Korrikaren omendua da Euskaltzaindia. Haren izenean hartuko du lekukoa Jose Luis Lizundiak gaur Bilbon. Euskaltzaindiko lehendakariordeak omenaldiez baino nahiago du elkarkidetasunaz mintzatu, erakundeen artekoaz eta horien eta herritarren artekoaz; euskararen alde «eskuz esku eta esku hartuta» jarduteari oinarrizko irizten baitio.

Maider EIZMENDI

Euskaltzainburuordea da, idazlea eta irakaslea, Baionako Unibertsitatean. Euskara zaintzeko, haren alde lan egiteko eta haren egoera hobetzeko elkarkidetasuna oinarrizkotzat jotzen du. Iparraldean euskarak duen egoeraz kezka agertu du eta ofizialtasuna oinarri-oinarrizkoa dela esan du. «Hizkuntzak ez du estatus legalik eta, beraz, gauza guztiak hauskorrak dira, euskara bera hauskorra da», ohartarazi du.

Euskaltzaindiari omenaldia egin nahi dio Korrikak, nola hartu duzu?

Omentze kontuetan ez naiz sartuko, baina niri biziki gustatzen zait solaskidetza hori. Populuaren arteko elkarkidetza atsegin dut. Ni Euskaltzaindian berria naiz eta niretzat naturala izan da AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarrizketa hori. Euskararen aldeko elkarkidetza da, populuaren indar guztiak behar baitira metatu euskara zaintzeko, euskararen alde lan egiteko eta euskararen egoera hobekitzeko. Euskararen aldeko elkarretaratze horretan izugarri sinbolikoa da niretzat eskuaren kontua, eskuz eskuz eta esku hartuta aritzea.

Populua aipatzen duzu, gizartearekiko feedback-a gero eta garrantzitsuagoa da?

Eboluzio historiko handiak izan dira, baina nik ez dut bereizten Euskaltzaindia herri baten aldarrikapen linguistikoetatik, eta aldarrikapen linguistiko horiek aldarrikapen sozialak eta politikoak dira. Euskararen zaintza ez da halako dorre majikotik egiten, nire iritziz, euskararen zaintza denen artean eginen da. Nik sinisten dut akademia popularretan, zeren ez badu populu batek osoki kontzientzia hartzen euskararen egoeraz... Akademia bera eboluzionatzen ari da eta gizartearekin egin behar du.

Gizartea bera da euskara zaindu behar duena.

Euskara ez da halako aparteko kontua. Euskara ez da produktu merkantilista bat hor dagoena; euskara ni naiz eta zu zara; eta ni ez banaiz, zu ez bazara eta gu ez bagara, euskararik ez da. Gaur, gizarte merkantilizatu batean euskara bilakatu nahi da produktu bat; niretzako izate bat da euskara.

Iparraldean bizi zara; egoera kezkagarria al da?

Hemen badira arazo propioak; handiena, euskararen ofizialtasunik ez dela. Horrek izan behar du helburua. Hegoaldean gogoeta bat egin ahal da koofizialtasunaren inguruan eta jar dezakezu zalantzan, gu koofizialtasun inperfektu horretatik biziki urrun gaude. Hizkuntzak ez du estatus legalik eta, beraz, gauza guztiak hauskorrak dira, euskara bera hauskorra da.

Etorkizunari baikortasunez edo ezkortasunez begiratzen diozu?

Egoera oso kezkagarrian bizi gara eta, nahiz eta indar egiten ari diren, ez da aski. Egoera kezkagarria da eta egoera soziopolitiko eta kultural bati lotua dago. Kontuan hartu behar dugu irudia maite duen gizarte globalizatu batean bizi garela eta edozer bilakatzen da produktu merkantilizatu. Behar da kontziente izan kontu larria dela euskararen egoera, ez dela txantxetakoa, ez dela saleroste kontu bat. Nik sinesten dut anitz idealetan, fedean, joera militanteetan, eta euskararen larritasun hori ikusi behar da larriki. Ez dira baikortasun edo ezkortasun kontuak.

Gizarteak eta erakundeek, guztiek jabetu behar dute egoeraz eta sostengua eman, gainera.

Bai, eta horren inguruan eta erreparazioari helduta, esan beharra dago, gainera, euskaldunek euskararentzat jasotzen duten diru hori zor zaiena dela. Guri ematen digutena, zor zaigu.

Korrikari helduta, zein neurritan jotzen duzu beharrezkotzat?

Korrika popularra da, beharrezkoa. Euskaldunok eramaten dugu Korrika batetik bestera eta jai giroan, gainera.

Ni kanpoan ez banaiz, parte hartzen dut, familian eta herritarren artean. Euskal Herriko toki desberdinetan egin dut korrika lekukoaren atzetik.

Zein irudi daukazu gordeta?

Ez nintzen bertan, baina argazkian jasoa daukat etxean. 90 urte pasata orain gutxi hil da izeba Bibiana eta hura 70 urterekin atera zen lekukoarekin Iruñean. Hura irudia.

Ikusi nahi duzun irudia?

Haurrak, mutikoa eta neska, biak lekukoarekin. Euskara transmititzeko denbora gehiago dute. Esperantza dira eta horiei behar zaizkie baloreak irakatsi. Ez soilik hizkuntza, hark gordetzen dituen baloreak ere bai; idealtasunez eta ez praktikotasun soilez.

 

guztiok

«Euskara ez da produktu merkantilista bat, hor dagoena; euskara ni naiz eta zu zara; eta ni ez banaiz, zu ez bazara eta gu ez bagara, euskararik ez da»

ETorkizuna

«Haurrak dira esperantza eta horiei behar zaizkie baloreak irakatsi. Ez bakarrik hizkuntza, hark gordetzen dituen baloreak ere bai; idealtasunez eta ez praktikotasun soilez»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo