GARA > Idatzia > Mundua

Erreplikak tarteko, arrisku nuklearra Japoniako zentral guztietara hedatu da

AEBetako Geologia Institutuak ziurtatu duenez, martxoaren 11ko lurrikaraz geroztik milatik gora erreplika izan ditu Japoniak, batzuk indar handikoak. Fukushimakoa ikusita, zentralak lurrikaren indarra zenbateraino jasateko gai ote diren duda sortu da herrialdean.

p025_f01_199X108.jpg

GARA | TOKIO

Fukushimako zentral nuklearrean gertatutakoak ikusita, Japoniako Segurtasun Nuklearreko Agentzian gertutik segitzen dituzte herrialdean dauden beste 54 zentral nuklearretako egunez eguneko gorabeherak, duela hilabete pasatxotik izaten ari diren erreplikak horien segurtasuna kinka larrian jartzen ari baitira. Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Institutuak ziurtatu duenez, milatik gora erreplika sismiko izan dituzte Ritcher eskalan 9 gradura iritsi zen pasa den martxoaren 11ko lurrikaraz geroztik; areago, horietatik erdiek bost graduren maila gainditu dutela eta beste bost zazpi graduren bueltakoak izan direla ere baieztatu dute.

Horregatik, oraindik erabat mendean hartuta ez duten Fukushimako zentralean jazotakoak saiheste aldera, zentral guztietako segurtasun neurriak gainbegiratzea ebatzi dute, besteak beste, lurrikaren indarra zein neurritaraino jasateko gai ote diren frogatzeko. Izan ere, ustez kontrolatuta zuten Onagawako zentralean ur isuriak izan ziren apirilaren 7ko bigarren lurrikararen ostean, hondamendiaren alarmak are gehiago hedatuz herrialde osoan.

Pazifikoko Suzko Eraztunaren baitan finkatuta egonda eta lurrikarak jasatera ohituta egonik ere, Segurtasun Nuklearreko Agentziak dio oso kontuan dituela datu horiek, «nuklearretako segurtasun neurriak akaso zaharkituak geratu direlako» urteen joan-etorrian.

Fisio nuklearraren zantzuak topatu dituzte 4. erreaktorean

Lehena eta hirugarrena ziren, batik bat, martxoaren 11ko lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren eraginez gehien kaltetutako Fukushima zentral nuklearreko erreaktoreak, baina laugarrenean ere zenbait galera aurkitu dituztela aitortu zuen atzo zentrala kudeatzen duen Tepco enpresak. Erregaiaren barrak gordetzen dituzten ontziaren urari erradioaktibitate tasa handia antzeman diotela jakinarazi dute, eta beraz, ontzi horietan gordetzen diren barretako batean - 1.300dik gora daude- isuriren bat dagoela ziurtatu. Erregaiaren fisio nuklearra gertatu dela uste dute, baina egiaztatze aldera, datozen egunetan zentralaren instalazioak helikopteroz, airetik aztertuko dituztela jakinarazi dute. Izan ere, hidrogeno leherketen ondorioz instalazioetan izandako kalteak medio, erreaktoreko bertako egoera zehaztasun osoz zein den ez dakitela tematu da Tepco, eta neurriren bat hartu aurretik seguru egon nahi dutela nabarmendu dute.

Bien bitartean, gainerako erreaktoreetan pilatutako ur kutsatua kondentsadore batera ponpatzen segitzen dute zentraleko langileek. Guztira 60.000 tona ur lekualdatu nahi dituzte lehen eta hirugarren erreaktoreetatik, eta bigarrenaren inguruan, berriz, altzairuzko horma bat eraiki nahi dute likido jarioak geldiarazteko. GARA

13.456 hildako

Hilabete pasa da honezkero, eta artean ez dute martxoaren 11n desagertutako 14.851 lagunak aurkitzerik izan. Poliziak egindako azken zenbaketak ere argitu duenez, 13.456 lagun dira dagoeneko lurrikaran hildakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo