GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Janots gazteak aukera du profesionaletan finala jokatzen duen Landeseko lehenengo pilotaria izateko

Jon LEUNDA

Egun handia izan daiteke gaur bai Janotsentzat, bai Landes eskualdearentzat, baliteke-eta lehen aldiz finala jokatzea bertako batek. Horretarako, gaur garaipena lortu behar du Arrangoitzen, 20.00etatik aitzinera. Ibarrola lagun duela, Intxausperen eta Ezkurra II.aren aurka neurtuko ditu indarrak.

Landesen pilotari gutxi izan dira goi mailakoak. Azkenekoa Dardy izan zen, baina orain arte inork ez zuen lortu finalerdietara heltzea. Janotsek du ohore hori, eta agian beste urrats bat ere eman dezake.

Aurkari zailak izango dituzte, ordea. Alde batetik, Intxauspe. Bera izan da lehiaketa honetako ezuste gozoenetakoa. Oraindik oso gaztea da, eta partida handiak egin ditu. Horrek zaleei itxaropen handiak sortu dizkie. Paxkal Ezkurra dauka berak atzean. Urruñarra ez dabil bere sasoirik onenean, baina badirudi apurka-apurka gorantz ari dela egiten.

Janotsek, berriz, Ibarrolaren laguntza dauka. Nafarroa Beherekoak egun ona baldin badu, sekulako mina egin dezake sakearekin. Beraz, iragarpenak estu samar agertzen dira, eta dirua ere pare samarrean aterako da. Garaileak finalerako txartela lortuko du, eta hori oso sari potoloa da.

Errepikapena

Bestalde, pasa den astean Maulen jokatzen hasi ziren final-laurdena bihar amaituko dute leku berean, 17.30ean hasita. Bielle eta Kurutxari irabazten ari ziren Ezkurra I.aren eta Etxetoren aurka, baina jokaldi batean Kurutxariri pilota batek ihes egin zion, eta Etxetori bekaina kolpatu zion. Partidak ezin izan zuen jarraitu, eta arautegiari men eginez, neurketa hori berriro jokatu beharrekoa da. Etxeto jada aritzeko moduan dagoenez, bihar jokatuko dute. Pasa den astean Bielle eta Kurutxari hiru kintzetako aldearekin irabazten ari zirenez, partida 3-0 beraien alde dutela hasiko da. Beraz, bihar Angelun jokatu beharreko finalerdia datorren larunbatera atzeratu dute, eta biharko irabazleak Lanberten eta Waltariren aurka neurtuko dira. Finalak ez du aldaketarik izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo