Pablo Milicuak Bilboko lehenengo «museo iragankorra» sortu du Windsor Kulturgintza aretoan
Hogei artistatik gora hartu dute parte Pablo Milicuak sortutako «museo iragankorrean». Bilbo ardatz hartuta, «sekula errepikatuko ez den» erakusketa osatu du Windsor kulturgintzan, maiatzaren 27ra bitartean.
Ane ARRUTI | BILBO
Kontzeptu berri bat sortu du Pablo Milicua artista bilbotarrak: museo iragankorra. Hau da, toki eta momentu jakin batean ikusgai izan eta ondoren desagertuko dena. Une hori iritsi da eta maiatzaren bukaera bitartean iraungo du. Leku aukeratua, berriz, Bilboko Windsor kulturgintza aretoa izan da.
Museo hau osatzeko Bilbo hiriarekin zerikusia duten artisten elkarlana izan du, eta bere lanekin tartekatuz, lotura edo narrazio bat ematen saiatu da. «Egiten ditudan lanak metaketaren ondorio izan ohi dira, collage moduko bat da. Beste norbaitek egindako lanak erabiltzen ditut, kontestutik atera eta zentzu berri bat emateko», azaldu zuen museo bitxi honetako «zuzendariak»: «Erakusketa kolektibo bat antolatzea izango litzateke komisario lana. Hemen, ordea, esango nuke museo iragankorreko zuzendaria naizela, nik asmatutako zerbait da eta jendeak oso ongi erantzun du», esan zuen Milicuak.
Oteiza, Larrinaga, Roscubas...
Mota eta teknika anitzeko lanak bildu ditu museo iragankorrak. Roscubas anaien argazki birlandu bat, Ibaizabal ageri dena, esaterako. Juan Ugalderen margolan baten ondoan jarri du bere «Apocalypsis clown» koadroa, zendu berri den Luis Larrinagak Toneti pailazoari eskainitako eskulturari keinu eginez.
Fernando Biderbostek instalazio ikusgarri bat egin du, inguruko arrandegi bateko txangurru eta abakando erraldoiekin. Fausto Grossi sukaldari eta artistak, Guggenheim formako pasta asmatu zuenean, museoko abokatu batek bidalitako eskutitzak erakusten ditu, «Cuestion de pasta» deitu dio.
Jorge Oteizaren eskultura txiki bat, Felipe Ulibarrik Bilboko pertsonaiei ateratako argazkiak, Txuspo Poyok Begoñako igogailuari buruz egindako bideo bat, Mabi Revueltaren armiarmak, Sonia Ruedaren «Las autoridades de mi aldea» obra, Milicua beraren Pupi «hartz txikia», Alejandro Garmendia, Carmelo Camacho, Helena Gonzalez, Bolo, Aurora Suarez, Morquillas, Koko Rico, Felipe Ullibarri... Guztiek osatu dute museo iragankor eta errepikaezin hau.