GARA > Idatzia > Kultura

Erruduntasunari buruzko nobela aurkeztu du Uxue Apaolazak, barne thrillerra

p048_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Igartza bekaren laguntzaz, bere lehenbiziko eleberria idatzi du Uxue Apaolazak, «Mea culpa». Madrilen bakarturik bizi den neska baten istorioa da, Lurrena. Iraganetik baletorkio bezala, argazki bat ikusi eta ongi itxi gabeko zauriak sentitzen ditu. Kulpak batzuetan sortzen duen amorruzko erreakzioa izaten du eta nerabezaroko lagunekin gelditzen da, banan-banan denak hiltzeko. Aukeratzen dituen pertsonaiak hilez, gutxi gorabehera bere burua hiltzen du.

«Ez da polizia nobela, baina Lurrek esan gabe desio duen zigor hori lortzen duen ala ez jakiteak jakin-mina sortzea espero dut», adierazi zuen egileak atzo. Anjel Erro idazlea izan zuen lagun, eta honek benetan hitz onak erran zituen: «Luzera lagun zaitzan nahi duzun ahots horietakoa da Uxuerena edo protagonistarena. Museoan koadroak azaltzen dituen ahotsa bezala, nonbait sartuta eraman nahiko nuke mundua desberdin ikusteko».

Bukatzerik nahi ez duzun liburu horietakoa dela ziurtatu zuen, trama gogorrekoa, biluzte guztiak bezala. Handiustearen eta absolutuaren salaketa ere bada, barne thriller bat, protagonistaren barrenean gertatzen baitira ekintza guztiak. Hiltzailea da hala sentitzen delako eta hala izan nahiko lukeelako.

Ekitaldian izan ziren Aitor Aldasoro Beasaingo alkateordea eta Joxe Begiristain CAFeko Euskara arduraduna, eta Apaolaza zoriontzearekin batera, aurten ere euskara elikatzeko sariketa zabalik dagoela oroitarazi zuten. Ekainaren 30era arte jasoko dituzte lanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo