GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza gutxituei buruz «baikorregi» agertu omen da Estatu frantsesa

A.M.

Asanblea Nazionaleko diputatuei aurkezteko Kultura Ministerioak urtero egiten duen hizkuntzen erabilerari buruzko 2010eko txostenari «baikortasuna» dariola adierazi du Battittu Coyos hizkuntzalariak.

Txostenaren helburu nagusia urtean zehar frantsesaren alde egindakoa azaltzea da, eta Frantziako Hizkuntzetarako Ordezkaritzak (DGLFLF) hartzen du bere gain lan hori. Estatuko beste hizkuntzen -tartean euskara- aldeko politika ere aipatzen du txostenak, laburki bada ere (166 orrietatik 15).

Hizkuntza Gutxituei buruzko Gutuna berretsi ez duenez, ebaluazioa Estatuak berak egiten duela, eta ez Europako Kontseiluko Aditu Batzordeak, nabarmendu du, lehenik, Coyosek, txostenaren objektibotasuna zalantzan jarriz.

Soilik 2 ordu urtean

Ikus-entzunezko komunikabideei dagokionez, zerbitzu publikoetako hedabideen betebeharrak zehaztu ere egin gabe, legea oroitaraztera mugatzen da. Eranskinetan irrati eta telebisten emankizunak zerrendatzen ditu. Hala, France Bleu Pays Basquen egunero 30 minutu, eta FR3 telebistan urtean bi oren, eskaintzen dira euskaraz.

Hizkuntza aniztasuna laguntzeko Estatuak egin duen lanari buruz, 2008an, hizkuntzok Konstituzioan «Frantziaren ondaretzat» jaso izana goraipatzen du txostenak.

Ekintza kulturaletan proiektu bakan batzuk aipatzen ditu eta irakaskuntzan, ostera, ikasleen kopuruen ehuneko orokorrak ematen ditu. Euskararen kasuan, Bordeleko Akademia hartzen du eremutzat eta okzitaniera-gaskoiarekin batuta ematen ditu datuak.

Coyosen iritziz, argi dago frantsesak nagusitasuna izaten segitzen duela. Baina hizkuntzalaria gehien kezkatzen duena da «gainerako hizkuntzak egoera aski onean» daudela pentsatzera bultzatzen dituela diputatu eta senatariak: «Agertzen den baikortasunak, errealitatea ezkutatzen du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo