Kronika | Korrika 17
Jendetza uholde bihurtu da lekukoak Arabako hiriburua zeharkatu duenean
Osteguna eta Korrika Gasteizen. Giro paregabea, beraz, Arabako hiriburuan. Gasteiztarrek oso harrera ona egin diote beti euskararen aldeko maratoiari, baina atzo kaleak erabat bete ziren lekukoaren atzetik. Haur, gazte eta heldu, Abetxukotik Zabalganera, Korrikak 60 kilometro ikusgarri egin zituen Donostiarako bidean.
Txagorritxuko langileei egokitu zitzaien Gasteizko lehen lekukoa eramatea, arratsaldeko seiak oraindik jo gabe zeudenean, eta Duranatik zetorren jende martxari ongietorri beroa egin zioten. Baina, Abetxukotik abiatuta Lakuatik jarraitu eta hiriguneko auzoak zeharkatu ahala, gero eta «euskalakari» gehiago biltzen joan zen Korrika, eta, adibide bat jartzearren, Judimendiko Errekatxikitik igarotzean jendetzak dozenaka ilara osatzen zituen errepidean.
Korrikari dagokion bezala, korrika jarraitzen zioten gehienek lekukoari, baina askok bizikleta gainean egin zituzten kilometro asko, eta lagun batek baino gehiagok patinetan eutsi zion erronkari. Haur txikienek, gurasoek bultzatutako kotxeen gainean bizi zuten beren bizitzako lehen Korrika, eta, beraiek agian ez, baina beren gurasoek ziur asko ez dutela sekula ahaztuko une hura.
Judimenditik Florida kalerantza, eta handik Adurtzara, atsedenik hartu gabe. Jacinto Benavente kalean Independentistak Sarearen ordezkariei tokatu zitzaien lekukoa hartzea, eta une batez Korrikaren pelotoia berde kolorez tindatu zen. Baskonia saskibaloi taldeko kideek ere eman zuten berea, Herrandarren kalean, eta horren ostean, benetan irudi ikusgarria eskaini zuten Judimendiko zanpantzar eta momorrotxoek.
Munduko hainbat txokotan ibilitakoak dira Judimendiko zanpantzarrak, Irlanda eta Palestina kasu, eta kontatzeko moduko hamaika pasadizo badituzte dagoeneko, baina bereziki polita egingo zitzaien euskararen aldeko lekukoa beren jantzi ikusgarriak soinean zituztela eramatea. Arratsaldeko unerik politenetakoa izan zen, beste askoren artean. Arratsaldea, dena den, gauaren itxura hartzen hasi zen Korrika Arana eta Judimendi arteko San Jose elizaren parera heltzean. Eguraldi ederra, egun osoan bezala, baina fresko, hiri honi dagokion bezala. Hala ere, jende gehienak manga motzean egin zion harrera lasterketari.
Aranatik El Pilarrera, eta handik erdigunera berriz ere. Eta, 1.715. kilometroan, benetan une hunkigarriak izan ziren gazte mugimenduko lekukoa zeramatenek amnistiaren aldeko kideei txanda eman zietenean. Orduan presoen aldeko oihuek bat egin zuten etengabeko euskararen aldeko aldarriekin.
Ordurako, jendetza uholde bihurtua zen. Are gehiago, lekukoa ezker abertzaleko kideen eskuetara pasatzeko ordua heltzean, Bake kalean, lagun asko baitzeuden bertan zain. EA eta EAJren txanda heldu zen gero, eta Aiztogile kaletik igarotzean, ikuspegia izugarria zen.
Gau itxia zen Korrikak Gasteiz utzi eta Langraizerako bidea hartu zuenean.
Atzeraka ere, euskararen alde
Korrika heldua da; asko dauka bizita. Orain 30 urte ordea, haur txikia zenean, lehen urratsak eman zituen Oñatin, bertan zabaldu baitzen Euskal Herriko lehen unibertsitatea eta atzo goizaldean ere, handik bertatik igaro zen euskararen aldeko martxa. Txantxikuek segituan egin zuten bat Legazpitik gerturatu zen jendearekin. Kalean gora mila lagunetik gora bildu ziren, Arrasateko bidea hartzeko. Hainbeste, non baten batek galdetu ere egin baitzuen arrasatearrak inbaditzeko asmoa ote zuten. Lekukoa, besteak beste, herrian aisa ezaguna eta maitea den Guria tabernakoek eraman zuten. Apirilean ateak betiko itxiko omen ditu eta «Ia, ia, ia, Guria Korrika!», oihukatuz, espontaneoki omendu zuten korrikalariek negozioa.
Oso erritmoa bizia hartu zuten, eta hala, aurreikusita zegoena baina lehenago ari ziren «euskalakariak» herria zeharkatzen. Horregatik, Oñatiko irteerako biribilguneari hiru buelta eman zizkioten.
Arrasaterako bidean jendetzaren kopurua txikitu bazen ere, umoreak ez zuen behera egin. Martxak denboran aurrerapena zeraman oraindik eta, minutuak betetzeko, antolatzaile batek proposatutakoa egitera animatu ziren berehala. «Egin dezagun `akirrok'». Hau da, «korrika» alderantziz irakurrita. Beraz, aurretik atzera eta atzetik aurrerako jokoa erabiliaz, taldeak furgonetaren atzetik egin zuen, baina autoari bizkarra emanda.
Jokoen bidez korrikalariek lortu zuten Arrasaten minutu zehatzean sartzea. Lehen metroak bete zirenean, Korrikak hiru mila «euskalakari» hartu zituen beso artean. Une hunkigarrienetako bat baina, herriko sarreratik kilometro batera, 1.917. kilometroan.
Bertan Ines Osinagak, Goseko abeslariak, lekukoa hartu zuen Arrasateko Trikitixa Elkartearen izenean. «Pausoz pauso» abestiarekin batera, aurrera egin zuen Inesek, pozarren, ia malkoak ezin eutsi. Alde Zaharreko kaleak harro zeharkatu zituen musikariak, kutsakorra zen zoriontasunaz, emozioz. 17. Korrika ezingo zuela «inoiz ahaztu» aitortu zion GARAri orain gutxi, eta atzokoa ikusita, hala izango da. «Bizirik gaudela sentitzen dut», esan zuen euskararen alde bere herrian bildu zen jendetzari erreparatuz.