GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Maniako-errepresiboak

Frankismo eta amets inperialarekiko loturak agerian daude. Inoiz moztu ez duten zilbor-hestea fosforeszentea da gaur egun eta mundu osoaren begi bistan agertzen da.

Ia guziz erabakita neukan gai honetaz idaztea, baina Facebookeko lagun batek bidalitako estekak azken bultzada eman dit: espainiar nazionalistak oso gaixorik daude! Izan ere, Europa Pressek, beste hainbat ergelkeriaren artean, aipatzen du Bilduren zerrendan dagoen Aitziber Ibaibarriaga nire laguna dela Facebooken! Hori ikerketa sakona! Zerrendetan joan izana aski ez bada, oraingoan ere familia harremanak, lotura laboralak edo Interneteko sare sozialetako kateak aintzat hartzen dituzte. Jakina, espainiar nazionalista baten ikuspegitik preso baten lehengusina edota HBko mahaikide izandako baten Facebook-laguna terroristak dira eta guziz demokratikoa da hauteskundeetatik at uztea.

Gutxieneko ibilbide eta kultura demokratikoa duen jendarte baten kasuan ezinezkoa litzateke hau onartzea (horregatik euskal jendarteak ez du onartzen). Espainiar estatuan, berriz, guziz normala da. Neurri guziak galdu dituzte oraingoan, berriz, noiz eta ETAk urrats historikoa eman duelarik, noiz eta ezker abertzalearen bultzadaz agertoki berria eraikitzen ari delarik. Euskal Herrian emandako azken urratsek espainiar estatuaren mami ezdemokratikoa agerian utzi dute, esanguratsuki.

Frankismo eta aspaldiko amets inperialarekiko loturak agerian daude. Inoiz moztu ez duten zilbor-hestea fosforeszentea da gaur egun eta mundu osoaren begi-bistan agertzen da. Eta hau gertatzen da espainiar ekonomia amildegitik behera erortzen denean. Espainiar «demokrazia» honek ezin du errealitatea irentsi. Ez da porrota aitortu eta une berrirako bere burua prestatzeko gai. Aire freskoa hartu nahi du eskuetan, mugi ez dadin. Negua luzatu nahi du, gaua betiko ezarriz, egunsentiaren eta udaberriaren garaia iritsi dela onartu ezinik. Piztiaren oihu, mehatxu eta atzaparkadak alferrikakoak dira eta ahulezia besterik ez dute adierazten. Egiten dituzten ergelkeriek argitzen digute beren urduritasunaren neurria.

Errepresioarekiko lotura gaixoa horren adibide dugu. Mendekuaren arabera mugitzen dira, eta horixe egiten jarraitu nahi dute. Diktadurako asesino eta gaizkile guziak zigorgabe utzi zituen jendeak mendekuaren ikurra altxatzen du, Gatza edo Troitiño kartzelatik atera direlako. Mendekuan oinarritutako sistema judiziala luzatu eta gogortu nahi dute. Batzuek esan dute ezkutuko amnistia gauzatzen ari dela. Hau da eskuin muturraren mezua, gaur egun espainiar nazionalista guziek berenganatu dutena. Bere unean frankismoaren mila arduradun nagusiak fusilatuz gero, ez geundeke egoera honetan. Frankismoaz nazismoaz hartutako joera bera hartua izan balitz....

Espainiar nazionalismoaren «España una grande y libre» egitasmoaz alemaniar Reicharen egitasmoaz egin zena errepikatuz gero, gure egoera bestelakoa izanen litzateke. Ez zen horrela egin eta frankismoaren kriminalak zigortu ordez, trantsizioaren kontrola eman zieten. Eta gaurko «demokratak» beren seme-alaba politikoak (kasu batzuetan, biologikoak ere bai) dira. Maniako-errepresiboak. Espainiar nazionalismoaren porrotaren depresioa errepresioaz gainditu nahi dutenak. Bakearen ilusioa alferrik zapuztu nahi duten zitalak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo