GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Koldo Alzola (*) Euskal Herria-Palestina Sarea

Israeli boikota: Palestinan Nazioarteko Zuzenbidea betetzeko estrategia

Boikota, Desinbertsioak eta Zigorra kanpaina, Israel/Palestinan bidezko bakea lortzeko estrategiarik eraginkorrena da

Behean sinatzen dugunok Israelen aurka Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpaina (BDS, ingelesez) sustatzen dugun Estatu espainiarreko jendarte zibileko taldeak eta pertsonak gara. Honen bidez, apirilaren 2an «Berria» egunkarian argitaratutako artikuluari erantzuna eman nahi diogu. Bertan, Euskal Herriko, Galiziako eta Katalan Herrietako zenbait herritarrek BDSren aurkako jarrera agertu zuten. Gure mugimenduaren helburuak argitu nahi ditugu.

BDS erakunde israeldarrei zuzenduriko bortxakeriarik gabeko estrategia da. Salbuespen gisa, horien legez kontrako politikak aho betean babesten dituzten herritar israeldarrei ere zuzentzen diegu, bai eta okupazio israeldarrari etekina ateratzen dioten edo haren konplize diren nazioarteko erakunde guztiei ere.

Mugimendua ez dago inongo erlijio-talde edo talde etniko, nazional edo linguistiko jakin baten aurka bideratuta, Nazioarteko Zuzenbidearen kontrakoak diren politika batzuen aurka baizik. Mundu osoko juduen artean lortzen ari den babesa gero eta handiagoa da: adibidez, Naomi Klein kazetari kanadarra, Ilan Pappe historialari israeldarra edo Jewish Voice for Peace (AEB), Bakearen aldeko Emakumeen Koalizioa (Israel) eta Israelgo BDS taldea bezalako erakundeak.

2005ean Palestinako gizarte zibileko 170etik gora erakundek egin zuten deian azaltzen denez, BDSren helburua Israelen gaineko presioari eustea da, estatu horrek herri palestinarraren oinarrizko hiru eskubideok onartzen dituen arte: 1. 1967ko okupazioaren amaiera eta harresiaren eraispena. 2. Israelgo herritar arabiar-palestinarrek berdintasun osorako duten eskubidea. 3. Errefuxiatu palestinarren itzultzeko eskubidea.

BDSren aldeko mugimenduak Hegoafrikako apartheid erregimenaren eta Israelgo erregimenaren artean egiten duen konparaketa Nazioarteko Zuzenbideak «apartheid krimena» deiturikoan oinarritzen da. Estatu Batuetako presidente ohi Jimmy Carterrek eta Hegoafrikako zenbait pertsona ospetsuk ere, Desmond Tutu Bakearen Nobel saridunak kasu, horrelaxe erabili dute.

Elkarrizketek eta negoziazioek, 1993ko Osloko akordioetatik, ez dute lortu herri palestinarraren eskubideen aitorpena. Nazioarteko komunitatearen ezintasunak, Israelen borondate faltak eta palestinarren ahuleziak porrotera eraman dituzte negoziazioak bata bestearen atzetik. BDS Israel/Palestinan bidezko bakea lortzeko estrategiarik eraginkorrena da; bertan bizi diren bi herrien eskubideekiko berdintasunezko errespetuan oinarritutako bakea, alegia.

(*) Artikulu hau dozenaka irakasle, artista, kazetari, politikari, alkate, sindikalista eta beste hainbat eragiletako ordezkarik sinatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo