GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Epaiak epai, gauzak ez ziren behar bezala egin

Bizkaiko Auzitegiak errugabetzat jo du Juan Ramon Ibarra herrialde horretako Ogasun Saileko ikuskatzaile buru ohia, eta ez ditu ontzat eman haren kontrako karguak. Gauza bera erabaki du Ibarrarekin batera auzipetuta zeuden beste hiru lagunen gainean. Fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen horien kontra, bere ustez neurriak hartu baitzituzten hainbat zergadunek zerga-ikuskapenekin arazorik izan ez zezaten.

Epaiak, aldiz, ez du horren zantzurik ikusi, nahiz eta onartzen duen zergadun horien gaineko datu «ez errealak» sartu zituztela, eta hamabost urtez berrehun bat lagunen zerga-datuak gordetzeko programa informatiko bat erabili zutela, gainerako langileek horien gaineko datuak bilatu nahi zituzten bakoitzean ezinezkoa suertatzen zitzaielarik.

Auzitegiak uste du horrek guztiak ez duela prebarikazio deliturik frogatzen, eta lan egiteko modu hori arrazoitzeko dioena da Ibarrari «eroso» egiten zitzaiolako jardun zutela horrela. Ikuskatzaile buruak jasotako dirutzari buruz «hainbat hipotesi» egon daitezkeela dio, eta ez du frogatutzat jo eroskeria egon zenik. Hala izanda ere, horrek guztiak eta epaiketan entzundakoak erakusten dute gauzak ez zirela behar bezala egin Bizkaiko Ogasunean, eta deliturik ez egonda ere, instituzio publikoetan gauzak agerian eta ondo egin behar dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo