GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntz normalizazioan ikuspuntu ekologista txertatzeaz aritu zen UEMA

«Hizkuntz ekologia eta lurralde euskaldunak» izenburuko topaketak antolatu zituzten Azpeitian. UEMAren 20 urteko ibilbidea eta hizkuntza ekologia izan ziren gai nagusiak. Parte-hartzaileen artean Euskal Herrian euskararen normalizazioan ari diren erakundeak izan ziren.

P018_f02.jpg

GARA

Jatorri, talde eta erakunde askotako kideek parte hartu zuten UEMAren topaketetan, 80 bat lagun orotara. Udaletako alkate eta zinegotziak, UEMAren barnekoak nahiz ez direnak tarteko eta euskalgintzako kide esanguratsuak ere izan ziren topaketan. Horiez gain, Paul Bilbao (Kontseilua), Garbiñe Petriati (Behatokia), Nestor Esteban eta Igone Lamarain (Euskal Herrian Euskaraz) edo Nerea Ibarluzea (AEK) ere bertan izan ziren. Baita Albert Bastardas i Boada Bartzelonako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza arloko katedraduna ere.

UEMAren hausnarketa prozesua amaitu berri denez, Jon Bollar UEMAko lehendakariak mankomunitatearen 20 urteko ibilbidea izan zuen hizpide, ostegunean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Hasteko, 80ko hamarkadako egoera ekarri zuen gogora, izan ere, udalerri euskaldunetan kalean euskara nagusi zen arren, ez zen gauza bera gertatzen udal jardunean.

Lorpenen artean, udalek euskaraz funtziona dezaketela frogatzea, arlo publikoan eragitea, hautetsien kontzientziazio maila handitzea, euskarari prestigioa ematea, herritarrak euskaldun izateaz harro egotea aipatu zituen Bollarrek. Hutsuneei dagokienez, berriz, lorpenak gizarteratzeko zailtasunak eta gatazka politikoak UEMAn izan duen eragina aipatu zituen.

Bizirik irauteko baldintzak

Albert Bastardas i Boada hizkuntzalari katalanak pentsamolde ekologista hizkuntzaren alorrera ekartzeko bidea jorratu zuen. Honako galdera ere plazaratu zuen: «Giza espezieak zer-nolako baldintzak behar ditu irauteko? Hizkuntzek zer baldintzatan dute bermatuta bizirik irautea?».

Boadak ingurumenaren aldeko ikuspuntu ekologista gizartean ondo ikusita dagoela adierazi zuen, baina hizkuntz aniztasunarekin bestelako jarrerak existitzen direla ohartarazi zuen.

Ekologisten lana hartu zuen abiapuntu: «Zer egiten dute ekologistek? Galtzear edo desagertzear dauden espezieak aztertzen dituzte», esan zuen Boadak, eta ideia hori hizkuntzen arloan ere erabilgarria dela. Hizkuntza handiak txikiak jaten dituztelako direla handi esanez amaitu zuen hitzaldia.

GOGOETA

Iñaki Marko EHUko irakasleak, euskaldun baten hitzak ekarri zituen gogora: «Psikologikoki behar dut arnasgunea: toki bat non inork ere ez didan arraro begiratuko, non euskaraz jarduteak ez duen gatazkarik sortuko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo