AIZKORA Urrezko lehiaketa
Goi mailako aizkolariak agertzen hasiko dira
Maila nagusiko aizkolariak agertzen hasiko dira gaur eta bihar. Lasa eta Mujika, Lehen Mailakoak, lehian arituko dira, baita Mugertza I.a eta Mugertza II.a ere.
Jon LEUNDA
Urrezko Aizkorak bosgarren eta seigarren jardunaldiak izango ditu asteburuan. Bata gaur jokatuko da, Mañarian 19.30etik aurrera, eta bestea bihar, Orozkon, 12.30etik aurrera.
Erdozia, Kañamares III.a, Senosiain II.a, Zaldua, Lasa, Mugertza II.a, Zubiaga eta Jauregi arituko dira. Lasaren lehen saioa izango da eta bera izango da irabazteko faborito nagusietako bat. Egungo Bigarren Mailako Euskal Herriko txapelduna da. Berarekin, Mugertza II.a izango da beste faboritoa.
Bihar Orozkon, berriz, Mugertza III.a, Mugertza I.a, Mujika, Telletxea, Saralegi, Etxeberria, Erasun eta Kastro arituko dira nor baino nor. Hemen, Mujika, Etxeberria eta Mugertza I.a dira faboritoak, hirurak ere goi mailako aizkolariak, nahiz eta Mugertza III.a ere kontuan hartu beharko den. Mutrikuar gazteak bere hirugarren saioa izango du.
Bestalde, Josetxo Urrutia harri-jasotzaileak marka ahalegina egingo du gaur Leitzan, 18.30etik aurrera egingo duten jaialdian.
Bere pisuaren bikoitza jasotzeko asmoa du, 150 kiloko harri kubikoa erabiliko du bost minutuan marka pertsonala egiteko. Urrutiak 75 kilo pisatzen ditu, eta egin nahi duenak sekulako meritua dauka.