GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Humanitateen etorkizuna

Duela aste batzuk prentsa artikulu batean irakurri nuen hezkuntza arloan Ekialdea Mendebaldeari aurrea hartzen ari zaiola. Artikulugileak esaten zuen Ekialdea, Txina eta Japonia batez ere, zientzietan nabarmendu izan direla aspalditik, baina kontua zera da, humanitateetan ere urrats sendoak ematen hasi direla azken urteotan.

Artikuluaren tonua alarmakoa zen. Kazetariak esaten zuen humanitateak Mendebaldearen «kontua» izan direla beti, baina horretan ere huts egiten badu, zer geratuko zaio munduan lehiatu ahal izateko? Nire golkorako pentsatu nuen benetako kezka ez dela lehia, gailentasuna baizik. Ilustrazio garaitik, humanitateak, filosofiatik literaturara, bereak balira bezala edo, hobeto esateko, haien sortzailea balitz bezala jorratu ditu Mendebaldeak, helburu argi batekin: bere nagusitasun intelektuala, politikoa, eta ekonomikoa (uler bedi Mendebaldea ez den herrialdeen jazarpena ere) justifikatzea. Gaur egun, ordea, Mendebaldeak sortu eta inposaturiko kanon oro zalantzan jarri ez ezik, ezagutza mailan ere aurrea hartuz doaz Mendebaldea ez diren herrialdeak.

Artikulugilearekin bat nator: datua kezkatzeko modukoa bada, baina ez Mendebaldeak bere indarra eta eragina galtzeko beldur naizelako. Asaldatzen nauena zera da, Mendebaldeko gizarteek ezagutzarekiko duten interes gero eta eskasagoak. Ezagutzaren plazera goraipatzen zuen garaia urrun dago. Diruaren arabera neurtzen den arrakastarekin liluratuta dagoen Mendebalde honi historia, filosofia, literatura, artea bost axola zaizkio eta interes eskas horren ispilu dira gure eskolak.