GARA > Idatzia > Kultura

Sarako Idazleen Biltzarrak Barandiaranen lana goraipatuko du datorren apirilaren 25ean

Ainize BUTRON | SARA

Azken hilabeteotan kaleratu diren liburu eta diskoak bildu eta irakurleei zabaltzea helburu duen Sarako Idazleen Biltzarra datorren apirilaren 25ean izango da. Ehun eta hogeita lau idazle, hogeita hamar bat elkarte eta hamasei argitaletxe bilduko dira egun osoan iraganen den azoka horretan.

Aurtengo edizioari dagokionez, argitaletxeek Biltzarraren karietara liburuak kaleratzeko egindako indarra txalotu zuten antolatzaileek. Hainbat ekitaldi izanen dira egun osoan, eta arratsaldeko hiruretatik goiti liburuen aurkezpenak eginen dira: Xipri Arbelbide Elkar argitaletxearekin kaleraturiko «Sorgiñak» liburua, Begiraleak elkartearen »Monzonen antzerki kaierak», Jean D'Arango idazlearen «Le Basque classique ou européen: l'étrusque, et son annexe Petit lexique étrusque-basque-français», eta Joseba Sarrionandiaren «Moroak gara behelaino artean?».

Horien aurkezpenarekin batera, idazleekin zuzenean mintzatzeko aukera izanen dute irakurleek, baita horien sinadurak jasotzeko tartea ere. Halere, aurtengo Biltzarrak iragarri duen ekitaldi nagusia eguerdian izanen da. «Bi urtetik behin idazle edo pertsonaia baten omenaldia egiten dugu. Aurten, Barandiaran goraipatzea erabaki dugu», nabarmendu zuen Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak.

Barandiaran ohoratua

1940. eta 1953. urteen artean Saran bizi izan zen Joxemiel Barandiaran. Pasatako urte horietan egindako ikerkuntza zientifikoak hainbat liburutan bilduak dira, eta horien artean. 2000. urtean argitaratu zen «Bosquejo etnográfico de Sara» lana dago. Lan hori euskaraz eta frantsesez itzultzen aritu da azken urteotan Euskal Kultur Erakundea. Hainbat lagun elkartu ditu itzulpen lan horretarako, hau da, Jesus eta Jon Aizpurua, baina, baita Erramun Bachoc, Xabier Elosegi eta Pantxo Michelena. Itzulpen lanarekin batera, Barandiaranen ikerketak ere gehitu dituzte, hasierako zazpi atalei sei gehituz. «Liburua bere osotasunean egin nahi izan dugu. Hilabete luzeak eman ditugu hori egiten, eta, emaitza altxor bat da bai hizkuntza eta bai etnologiaren aldetik», nabarmendu zuen Etxegoinek. Garaiko bizimodua, biziaren gertakari garrantzitsuak, laborantzako tresnak, atsotitzak, legendak, mitologiak aipatu ditu, besteak beste Barandiaranek bere lanetan, eta, horiek dira bilduak «Sara, ikerlan etnografikoa» izeneko azken liburu horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo