GARA > Idatzia > Mundua

Gotovina jeneral kroaziarra 24 urteko espetxera zigortu dute, gerra krimenak egotzita

Haga-ko ebazpenak ondorio neurtezinak ekarri ditu Kroaziako jendartean, askok nazio heroitzat baitute Gotovina. Zagrebeko plaza nagusian bildutako jarraitzaileek gogor arbuiatu zuten nazioarteko auzitegiaren epaia, eta Gobernuak errekurritu egingo duela jakinarazi du.

p023_f01.jpg

GARA

Batzuentzat pozteko moduko albistea izan dena, goibeltzeko modukoa izan da besteentzat, nazio heroi dutena itzalpean ikusi behar izango baitute luzaroan. Izan ere, serbiarren aurkako gerra krimenak eta gizateriaren aurkako delituak egotzita, 24 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuen atzo Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak Ante Gotovina, Kroaziako jeneral ohia.

1995. urtean Krajina barrutiko serbiarrak kanporatzeko «Ekaitza operazioa» gidatu izana leporatzen dio Haga-k Gotovinari; oldarraldi gogorren bitartez, legez kanpoko erasoen, hilketen, deportazioen zein arpilaketen erantzule jotzen dute, baita Mladen Markac garai hartan Barne ministro zena ere, 600 serbiarren heriotza eta 150.000tik gora lagunen deportazioa eragin zuen Poliziaren arduraduntzat hartzen baitute. Zehazki, hemezortzi urteko itzalpera zigortu dute horregatik. Alta, Ivan Cermak jeneral ohia kargurik gabe absolbitzea erabaki du Haga-k, ez baitute frogatutzat eman haren parte-hartzea erasoaldian. Auzian nahastuta ziren beste lau kideren aurka ¯Franjo Tudjam presidente ohia zein Armadaren buru Janko Bobetko, besteen artean¯ ez du aipamenik egin auzitegiak, laurak ere hilik baitaude.

Atzoko saioarekin amaitutzat eman du horrela Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak «Krajina auzia». 2008ko martxoan atxilotu zuten Gotovina Tenerifen (Kanaria uharteak), lau urte ihesean eman ostean. Ordutik, nazio heroitzat hartua izan da Kroaziako hainbat sektoretan, eskuindarretan batik bat; izan ere, 1991 eta 1995 urte artean gauzatu zen Kroazia eta Serbiaren arteko gerra haren jardunaren ondorioz amaitutzat eman zela, eta sententzia zigortzaile bat ez, baizik eta «nazioarteko gorazarrea» jaso beharko lukeela iritzi diote. Halaxe nabarmendu zuten atzo auzi-saioa pantaila erraldoian jarraitzeko Zagrebeko plaza nagusian bildutako Gotevinaren dozenaka jarraitzaileek.

Hain zuzen, «bidegabekeriatzat» jotzen duen epaia errekurritu egingo duela jakinarazi zuen atzo Kroaziako Gobernuak, «herrialdearen defentsa ekintzetan inongo ekintza kriminalik» ez dagoela defendatuta. Amnesty Internationalek, aldiz, bere sosegua erakutsi du epaiagatik, «Kroaziako gerraren biktimentzat izugarrizko garaipena» dela uste baitu.

«vukovar, vukovar»

Epaia jakitera eman ostean, negarrari eutsi ezinik egon ziren Zagrebeko plaza nagusian bildutako Gotovinaren jarraitzaile asko. «Vukovar, Vukovar» oihukatu zuten, 1991n indar serbiarrek suntsitutako herri kroaziarrari erreferentzia eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo