Top 14
Avironek eta Biarritzek bigarren fasean sartzeko azkeneko aukerak dituzte
Jon LEUNDA
Top 14a amaitzeko hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta bigarren fasean sartzeko aukera izaten jarraitzeko garaipenak behar dituzte bai Avironek, eta bai Biarritzek.
Gauzak ongien Biarritzek dauzka. Zuri-gorriek zuzenean finalerdietara heltzeko ez dute aukera handirik, baina bai final-laurdenak jokatzeko. Une honetan postu hori emango liokeen azkeneko postua betetzen du, eta gaur 14.30etik aurrera etxean Briveren aurka ezin du hutsik egin.
Lapurtarrentzat, gainera, sekulako garrantzia izango luke gaur bost puntu batzeak, Ligako azkeneko jardunaldian hartu zuten zaplaztekoa hartu eta gero. Pasa den astean Heineken kopako finalerdietatik kanpo geratzeak ere min egin die zuri-gorriei, baina burua altxatzea besterik ez zaie geratzen. Ligan badituzte aukerak, horiekin jarraitu nahi baldin badute, aurrera egin beharra dute.
Brivek ez du ezer jokoan. Behera egiteko ez dauka inongo arriskurik, eta gora egiteko ere ez dauka aukerarik. Horrenbestez, hortxe daude, lasai-lasai Liga amaitu nahian, eta horretaz baliatu beharko litzateke Jean Michel Gonzalezek zuzentzen duen taldeak.
Avironen aukerak txikiagoak dira, eta gaur, gainera, oso norgehiagoka zaila dauka. Hori bai, irabazten baldin badu, final-laurdenetan sartzeko aukerari eutsi egingo lioke, eta indartuta aterako litzateke, gainera.
Zuri-urdinek Montpellierren zelaian jokatuko dute, 14.30etik aurrera. Montpellier ere lehen sei onenen artean sartzeko borrokan ari da. Une honetan sailkapeneko hirugarren postuan daude, 65 punturekin.
Aviron zortzigarren dago, 58 punturekin, eta kontuan hartuta errugbian garaipenak lau puntu balio dituela, eta gehigarria lortuz gero, bost direla, aldea ez da handia. Arazoa denbora da. Hiru jardunaldi baino ez dira geratzen, eta gaur galduko balute, orduan bai amaituko liratekeela bigarren fasera iristeko aukera guztiak.
Montpellierrek, berriz, gaur irabazita urrats handia emango luke, eta horren bila aterako dira. Avironek, ordea, erakutsi du edonoren aurka eta edozein zelaitan irabazteko gai direla, eta Gajan entrenatzaileak garbi utzi du garaipenaren bila doazela Montpellierren zelaira, inongo beldurrik gabe.