GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Korrika 17

Euskara plaza guztietara zabalduz, Korrika mundu osoan dabil

Euskal Herrian azken pausoak ematen ari den bitartean, munduan Korrika badabil. Gaur, esaterako, Edinburgon festa multikulturala ospatzekotan dira, eta New Yorken ere, Central Parketik igaroko da Korrika.

p008_f01.jpg

Ana ABARIZKETA

Londres, Shanghai, Medellin, Txileko Santiago, Bartzelona, Madril, Reno, San Frantzisko, Berlin... Korrika gurean bakarrik egiten ez denez, nazioartean ere euskararen aldeko pausoak eman dituzte. Berlinen, esaterako, jende ugari batu zen hiriko Brandenburgo Ate mitikoaren aurrean, aurrenekoz gainera.

Asko izan dira Korrikaren arima plazaratu duten hiriak, baina oraindik euskararen aldeko jaia ez da amaitu, izan ere, Eskoziako hiriburuan, gaur bertan ospatu behar dute kultura aniztasunean oinarritutako festa. 10.30ean dute zita euskaldun eta euskaltzaleek. Orduan hasiko dira bakoitza bere petoa marrazten. Une gorena 12.00etan iritsiko zaie, orduan egingo baitute korrika Meadows Park hiriko zelai erraldoietako batean barrena.

Eguerdirako bazkaria antolatu dute, ehun pertsona ingururentzat prestatutako herri bazkaria. Bazkalosterako, musika, kurduen eta eskoziarren eskutik. Euskal dantzen ikastaro azkarra ere emango dute arratsaldean. Antolatzaileek hizkuntza gutxitu guztien babesa aldarrikatzera bideratu dute Korrikaren aldeko jai handi hau. Eskoziarrei ere gertukoa zaie arazoa, izan ere, gaelikoaren iraupenaren alde lanean dabiltza eta.

Bestalde, New Yorkera ere iritsiko da gaur Korrika. McCarren Park-en izango da hitzordua, zehazki Brooklyn-eko Williamsburg auzoan, Euskal Etxetik gertu. Lasterketa amaitu orduko, babarrun jana ere zain izango omen dute New Yorkeko euskaldunek.

Eta bihar, estreinakoz, Txekiara salto egingo du Korrikak, zehazki Brno-ra. Une horretan bat egingo du Donostiako lekukoaren mezuarekin. Han eta hemen, atzerrian edo etxean, euskararen aldeko pausoek antzeko hotsa ateratzen dute eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo