GARA > Idatzia > Kultura

Liburuaren egunean, irakurriz gozatzeko aukera ugari

Aurten, Liburuaren Eguna ez da ohi bezala apirilaren 23an izanen, Aste Santuko larunbata tokatzen baita eta Bilboko eta Iruñeko liburu-saltzaileek azoka atzo egitea erabaki baitzuten. Gasteiztarrek asteburu honetan eginen dute eta Donostian ez da Gipuzkoa Plazan azokarik izanen, liburu ugari aurkezten ari badira ere. Ospakizun xelebrea, hortaz, 2011 honetakoa, baina, beti bezala, irakurriz gozatzeko proposamenez betea. Orriotan bildu ditugu batzuk.

p044_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Elkarrek hamaika argitalpen prestatu ditu udaberrirako, tartean Mikel Garciaren zinemari buruzko liburua, «Zeluloidezko begiradak». Honela hasten da: «Dena esan dezake zinemak, osotasun handiena du artistikoki eta komunikazio modu onena da, erritmoarekin, hitzekin, argi eta itzalekin... leku batetik bestera eramaten zaituelako, berak nahi duen bidea jarraituz. Beste arte diziplinek ez duten abantaila handi bat dauka gainera: leku ilunean ikusten dira pelikulak eta, aretoa beteta egon arren, harreman intimoa, zuzen-zuzena, sortzen da ikuslearen eta pantailaren artean».

Gero, irudiekin istorio zirraragarriak sortzen dituzten hamahiru zuzendariri ematen die Garciak hitza. Bertzeak bertze, Fernando Larruquerten, Nestor Basterretxearen eta Antxon Ezeizaren begiradak erakusten ditu.

«Mea culpa» da Elkarren bertze lan berri bat. Uxue Apaolazak bere buruaz eta bizitzaz nazkatuta dagoen Lurren istorioa kontatzen du Igartza Saria jasotako nobelan.

Iraganetik etorrita bezala, egunkari azal batean ikusten duen argazkiak gogora dakarzkio institutuko oroitzapenak, nerabezaroko mamuak, konpondu gabeko ideologi auziak... Eta gorrotoak berpiztuta, Facebook-eko nortasun faltsu batekin orduko adiskideekin hitzorduak egin eta banan-banan hiltzea pentsatuko du.

Txalaparta ere obraz bete-beteta ailegatu da udaberrira. Euskaraz, aipagarria da Goizalde Landabasoren testuak eta Aritz Eigurenen irudiak dituen «Bränskint» liburua. Gaztelaniaz, berriz, Jesus Valenciaren «La ternura de los pueblos. Internacionalismo vasco»; Gonzalo Puente Ojearen «La cruz y la corona»; Xavi Sarriak idatzitako eta Roger Sarriak itzulitako «Historias del paraíso»; eta «Ofelias», Aida Bahr-ena.

Suizidaren joko literarioa

Pamielak Jeremias Erroren "Garabi suizidaren amodioak" aurkeztu du helduen narratiban. Eleberri honetako protagonista, Jon Konda, ezkondu berria da Parisen ezagututako Errusiako opera-kantari batekin. Iruñeko La Perla hotelean hartu dute ostatu lehenbiziko gaua emateko, baina bat-batean, maitasunezko ohatzetik jaikiarazten dute, suizida bat Iruñeko Gaztelu Plazako aparkalekua eraikitzeko paratutako garabira goititu delako.

Suizidak joko literario makabro bat proposatzen dio Kondari. Poema batzuk irakurtzen dizkio eta norenak diren asmatu ezean, bere buruaz beste eginen duela baieztatzen du. Kondak gaua luzatu nahi du, Sherezade suizidari ziria sartu nahian, eta inprobisatu beharra du, garabitik hirira so. Hau liburuzain ikasia da, ordea, eta marro kaskar guztiak harrapatzen ditu.

Haur literaturan, "Loreren ibilaldia" kaleratu du Galiziako Kalandraka argitaletxearekin elkarlanean. Pat Hutchins ingelesak 1968an idatzitako klasiko baten euskarazko itzulpena da, hagitz xaloa baina grazia handikoa. Irudi ikusgarriz eta esaldi laburrez osatutako lan honek bi irakurketa maila ditu: Lore oiloaren ibilaldi lasaia eta gibeletik dabilkion azeriaren umorezko eta oztopoz betetako jazarpena.

UEU-REN ESKAINTZA

Liburuaren besta ospatzeko, Udako Euskal Unibertsitateak eskaintza berezia eginen du astelehen eta asteartean: prezio erdian salduko ditu bere argitalpenak www.ueu.org webgunean.

GUDARIAK

Nobedadeen artean, gudarien borroka eta gerrak egindako kaltea azaltzen duen lan anitz dago. Horren adibide dira «Maizales bajo la lluvia», «Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak», «El chico de Guernica».

Goizalde Landabasok «Bränskint» hiriko uneak kontatzen ditu

Berrogeita hamar bat mikroipuinek osatzen dute «Bränskint». Hiri bateko momentuak agertzen dira, bertako bizilagunen istorioak, kanpoko begirada batetik begiratuta. Goizalde Landabaso idazleak kontatu digunez, kostaldeko hiri hotz eta euritsu batean gertatzen dira mikroipuinak. «Ez dago ia eguzkirik eta jendea ezkutatuta bizi da. Ur asko dago, beraz, bizia badago, eta aldi berean gurutzaketa asko: kultura eta arraza anitz batzuetan elkarrekin bizitzera kondenatuta daude, baina bakarrik daude».

Istorioak sortu ondotik, hiriarentzako izen bila hasi zen orri batean ideiak idatziz, eta kontent dago «Bränskint»-ekin, nahiz eta batzuek erraten dioten jende guztiari ahantziko zaiola edo ez duela inork asmatuko ongi idazten. Aitortu duenez, aspaldi hasi zen ipuin hauek idazten, bere inguruan jendeak hiria hagitz gaizki tratatzen zuela ikusten zuelako; «herria gauzarik zoragarriena balitz bezala mintzatzen ziren». Landabaso kalekumea da, Bilbo Zaharrean bizi da, eta badaki oihan honetan non babestu.

Aritz Eiguren ilustratzaileak marrazkiz jantzi ditu makroipuinak, eta idazlea pozarren dago, «oso ondo harrapatu duelako istorioen espiritua eta oso lan ona eta ikusgarria egin duelako». Ekaina aldera kaleratuko dute liburua, Txalapartaren Amaiur sailean. M. I.

Gogoetaz betetako hiru koaderno txiki

Zelaia Saria jaso duen liburu honetan, Fermin Erbiti Iruñeko kazetariak bere hausnarketak eta gustuko gauzak azaltzen ditu dietario modura. Hiru koaderno txiki erosi zituen ideiak apuntatzeko, eta bete zituenean ordenagailuaren aitzinean jarri zen horietatik zerbait ona ateratzeko esperantzaz. Hortik dator izenburua. Lehenbiziko zatian, denetariko gaiak lantzen ditu: euskara, musika, kirola, irakurzaletasuna... Adierazi duenez, handik eta hemendik hartutako ideia batetik tiraka sortutako gogoetak dira, eta anitz irakurritako liburuetatik abiatzen dira. «Ez dut azken punturik idatzi nahi izan, nire iritzia eta ideiak uztea izan da asmoa. Barnetik ateratako testuak dira, eta orain, guztiak elkarrekin ikusita, nire afizioak, kezkak eta nahiak zeintzuk diren erakusten dutela konturatu naiz».

Bigarren zatiari «Komunikazioa-inkomunikazioa» izenburua jarri dio, gaur egungo kazetaritzari buruzko gogoetak jaso dituelako bertan. «Zer gertatzen da uholdeetan? Urak gainezka egiten du, baina ezin da edan. Informazio uholde honetan agian arazo berdintsua dugu. Kazetaritza asko aldatzen ari da; nire ustez, ez dago argi nora goazen, baina argi dago azkar goazela. Indar guztiak, edo gehienak, teknologiara bideratzen ditugu. Iruditzen zaigu zerbait ona egiten ari garela, baina ez dakit ez ote garen edukiak alde batera uzten ari».

«Peter Eisnerrek esan bezala, kazetari berriaren xedea ofizioa bezain zaharra da: agintarien gezurrak salatzea. Arriskutsua da agintariak albiste iturri bakar bihurtzea; kazetaritza desagerraraziko luke. Hala ere, errazagoa gertatzen da hori egitea». Bertze aipu bat azaldu du iruindarrak, Kapucinskiren ideia bat. Honek zioenez, umiltasuna eta enpatia dira kazetari onaren ezaugarriak. Erbitiren arabera, batez ere espainiar komunikabideetan, kazetariek alde batera utzi dituzte ezaugarri horiek, eta berreskuratu egin beharko lirateke. Hagitz zeregin garrantzitsua dute kazetariek; ez, ordea, bertze mundukoa edo jainkotiarra.

Helburu finkorik, presarik eta presiorik gabe idatzi zituen testuak. «Ideiak etorri ahala, gustura. Eta oso polita da izan da. Kasualitatez aurkeztu nuen liburua Zelaia sariketara eta oso pozgarria izan da irabaztea; lana argitaratua ikustea izan da saria». Irakurzaletasunaren «alde on ikaragarriak» nabarmenduz bukatu du elkarrizketa. Liburuak altxorrak dira berarentzat, irakurtzea plazera, eta horren fruitu da lan hau. M. I.

Nafarroako konkistaren inguruan ikuspegi berri bat zabaltzen du Iñigo Bolinagaren lanak

Harrigarriki gorde den dokumentu batetik abiatuta osatu du Iñigo Bolinagak «El testamento. Cómo zanjó Castilla la cuestión sobre la legitimidad de la conguista de Navarra» izeneko liburua. Dokumentu hori 1598an Madrilen ateak itxita egindako batzar bati buruzkoa da. Bertan, errege espainiarrek Nafarroako Erresumaren gainean izan zezaketen legitimitatea argitu nahi zuten. Dokumentuan zergatik elkartu ziren zehazten da, zer gai landu zituzten eta nola ebatzi zuten auzia, eta informazio hori erabilita, Elorrioko historialariak batzarra birsortu du, parte hartu zuten pertsonaiekin, bakoitzak izan zitzakeen joerekin eta gortean zuen lekuarekin ere bai, garai gatazkatsua bizi baitzuten. Felipe II.a hil eta Felipe III.aren erregealdia hasi zen, zaharrak erretiratu eta berriek hartu zuten agintea.

Liburu honek egiten duen ekarpenik garrantzitsuena Nafarroako konkistaren inguruan ikuspegi berri bat zabaltzea dela nabarmendu du egileak. Dokumentua ezaguna zen historialarientzat, baina ez publiko zabalarentzat. «Askotan, dokumentu ofizialetatik abiatuta egin behar dugu historia. Dokumentu honek, ordea, erregeen sentimendu intimoak ezagutzeko aukera ematen digu.

Carlos V.ak zalantza txiki bat edo kontzientzia kezka bat zuen egiaz bere jarrera legitimoa zen ala ez. Ez zuen behin ere erakutsi, ez hitz egiten zuenean, ez inongo dokumentu ofizialetan; zalantza intimo bat zen eta bere bizitzaren amaieran semeari esan zion aztertzeko beren Nafarroarekiko jabetza egiazkoa zen ala ez. Semeak ez zuen egin eta berak ere izan zuen biziaren amaieran kezka hori. Azkenean, Felipe III.a izan zen Castillako gobernuko jende garrantzitsua bildu zuena gaiaz hitz egiteko, eta Castillak Nafarroako Erreinua legitimoki atxikitzen zuela erabaki zuten».

Gizon hauek Espainiako erregeek Nafarroako Erresuma hartu izana justifikatzeko erabili zituzten arrazoietako anitz mendez mende erabili direla eta oraindik erabiltzen direla ohartarazi du Bolinagak. Hortaz, interesgarria izan daiteke gorte espainiarrean eman zituzten arrazoi juridikoak ezagutzea. «Alde batetik, erregeek sekretuan zituzten zalantzak ikusten dira; eta bestetik, atxikitze honen justifikazioen behin betiko jatorria».

Garrantzitsua da azpimarratzea ez dela saiakera astun bat, nobela bat bezala idatzitako liburu erraza eta bizia baizik. Lehenbiziko atalean, Felipe II.aren azkeneko egunak kontatzen dira, eta hurrengo hiru atalak, aldiz, batzarreko eztabaidek osatzen dituzte. Elkarrizketak kenduta, ez dago asmaturiko ezer. Bukaeran, dokumentu originalaren erreprodukzioa eta transkripzioa ageri dira. M. I.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo