GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

OSKAR GOŅI Udalbiltzako auzipetuon izenean

Auzipetuok, esker onez

Inkomunikatuta geundenean zuen nahigabea agertu zenutenoi, isolamenduko txaboloen zurbiltasuna epeltzen saiatu zinetenoi, postaz edo bisitetan gure ondoan izan zinetenoi, hainbeste herrietan Bai Udalbiltzari Sarea antolatu eta sustatu duzuenoi, senitarteko eta lagunei, Udalbiltza Elkartasuna Ekimena osotu eta babestu duzuenoi, Udalbiltzarekin ados egon gabe Udalbiltza bezalako ekimenak bultzatzeko eskubidea defendatu duzuenoi, Madrilen ia etxean bezala sentiarazi gaituzuenoi, Euskal Herritik kanpo eratutako sostengu talde guztiei, diasporako anai-arrebei, Bilboko kaleak zein ostiraletako elkarretaratzeak bete zenituztenei, hedabideetan gure aldeko iritzia agertu zenutenoi, auzo eta lantokietan gure errugabetasuna eta Udalbiltzaren zilegitasuna babestu duzuen guztioi, gure malkoak xukatu zenituztenoi, emozioak oilo ipurdi bilakatzen diren uneetan gurekin egon zaretenoi.

Ezin ahaztu, ordea, gure partidan, esku pilotan bezala, hogeita bi tanto jokoan ginela; epaileek, ordea, hogeian gelditu dute partida gure alde; edozein pilotariren ametsa hogeita bira ailegatzea delarik...

Besarkadarik handiena Xabier Alegria eta Mirian Camposentzat. Ezin ahaztu aurretik sumario politikoetan zigortuak eta espetxeratuak izan diren pertsonak. Ezin ahaztu oraindik orain Estatuak errepresioaren bide berberetik jarraitzen duela. Ezin ahaztu espetxeak hustearen eta herri honetako sufrikario mota guztiekin amaitzeko erronkak guztion ahalegina eskatzen jarraitzen duela, marrazten hasi den eszenategi berria gorpuztu ahal izateko.

Ia zortzi urteko gurutze bidean pasatakoak gogorapenen errotara ur bizian datozkigu: hainbeste gertakizun, usain, burdin hots, herriminezko malko... Kabitu ezinezko gutun, argazki, bertso, kanta, keinu, sentipen, begirada, muxu eta besarkada.

Den-denekin zorretan gaude. Bagenekien gu Udalbiltzakoak izanagatik Udalbiltza ez zela gurea, herriarena zela, guztiona beraz. Orain, gutxien espero genuen lekutik etorri da berrespena. Etorri baino ekarri, zuen elkartasunak ekarri digu epairik argiena: Udalbiltza ASKE da, Herriarena eta Herriarentzat izanen da ASKE, etorkizuna ilusioz harilkatzeko tresna ezin hobea, herriaren esku, herritarrek aukeratuta udal eta udal ordezkarien gidaritzapean.

Bihotz-bihotzetik, barru-barrutik, eskerrik asko, mila esker, eskerrik anitz.

Aurrera Udalbiltza! Gora Euskal Herria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo