Zailtasunak zailtasun, Gernikako sinatzaileek aurrera egiteko konpromisoa berretsi dute
Gernikako Akordioaren sinatzaileek prentsaren aurreko agerraldia egin zuten atzo, eta onartu zuten aurreko astea oso zaila izan zela herri honek bizi duen gatazkari konponbidea bilatzen ari diren eragileentzat. Larritzat jo zituzten aurreko asteko hainbat gertakari, hala nola Estatu frantsesean izandako tiroketa, gazte independentisten kontrako euroaginduak eta gazte horien kartzelatzea, milaka herritarren kontrako jazarpen politikoa, azken atxilotuek salatutako torturak eta mobilizazioen debekuak. Mikel Ibañez preso politikoaren heriotza eta Jose Mari Sagarduiren ongietorria eragozteko saiakerak ere hizpide izan zituzten.
Ulergarria da, beraz, gertatutako guztia ikusita, hemendik aurrera ere beren lana aurrera eramateko zailtasun nabarmenak aurkituko dituztela iragartzea, eta, horregatik, txalotzekoa da lan horretan jarraitzeko konpromisoa berreztea. Bai Gernikako Akordioa bera bai akordioa sinatu duten eragileen elkarlana inoiz baino beharrezkoa dela iritzi zioten atzo, batik bat bizitako aste zailaren ostean. Euskal Herriko gizarteak bere proposamenei eta deialdiei emandako erantzunak, gainera, baieztapen horri arrazoia ematen dio.