Kronika | PCC-ren Kongresua Habanan
Korapiloak
Xabier Izaga Berriemaile berezia
Kubatik kanpo oso zabalduta dago turistak sartzen diren lekuetara kubatarrak sartu ezin direnaren ustea. Galdetu diedan guztiek, gezurtatu egin didate. «Garai berezian» indarrean izandako debeku hori eta beste hainbat aspaldi kendu omen zituzten. Hala ere, Europako hainbat lekutan, baita Euskal Herriko zenbaitetan ere, niri gertatzen zaidana gertatzen zaie. Arazo ekonomiko larria dute. Bagenekien eta eurek ere badakite. Izan ere, gogor pairatzen dute.
Igandean Fidelen hitzak irakurri nituen «Granma» egunkarian, Kubako iraultzaren izaera sozialista aldarrikatu zueneko 50. urteurreneko martxaren biharamunean: «Gazteri honetan dago iraultzaren itxaropena». Iraultzaren Plazarainoko martxan bildutako jendetzaren artean milaka eta milaka gazte zeuden (baita hamar bat euskaldun ere, erdiak gazteak eta beste erdiak ez horren gazteak). Habanako irakasle batek, ordea, itxaropen hori landu beharra dagoela nabarmendu zidan atzo: «Lan handia dugu hemen gazteriarekin». Izan ere, gazteek ez dute iraultza bizi izan; areago, ez dute «garai berezia» baino lehenagoko egoerarik ezagutu. Edo ez dute gogoratzen.
Amaitu da PCC Kubako Alderdi Komunistaren Kongresua, herrialdearen etorkizuneko norabidea seinalatu behar duena. Norabide horrek eskatzen dituen aldaketak ez dira egun batetik bestera gauzatuko baina. Beren denbora beharko dute, eta, gainera, gainditzeko benetan nekeza den oztopoari aurre egin beharko diote: goi agintariak eta herritarrak urruntzen dituen boteregunea, «korapilo» burokratiko eta ustela, bere botereari eutsi nahi izango diona. Ez du berehalakoan herrialdearen funtzionamendua -edo funtzionamendu eza- bere mendetik alde egiten utziko. Herrialdeak goi agintarien beharra izaten jarraitzea nahiko dute.
«Iraultzak oso ondo ulertu zuen Kuban faktore nazionalak duen garrantzia», diost Josek, eta aberriaren defentsa eta iraultzarena bakar bat, berbera, izatea lortu omen zuen. Munduan zehar leku askotan baliatu dute faktore nazionala, konstituzioa eta aberria; demokrazia aberriarekin identifikatzeko nahia ere ez da berria. Baina Kuban inon ez bezalako emaitza izan du identifikazio horrek. Eta larrutik ordaindu dute independentzia nahia. Asmatuko al du kaimanak kanpo eta barne korapiloak askatzen?