GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | PCC-ren Kongresua Habanan

Topikoak

Xabier Izaga Berriemaile berezia

Hainbatetan entzun izan dut kubatarrak ezin direla irlatik atera. Hala gertatu zitzaiola kontatu zidan atzo taxilari batek. Orain dela zenbait urte Kataluniara joateko asmoa zuen, ama ikustera, hura gaixorik zegoen eta. Baina Gobernu espainiarrak bisatua ukatu zion, beste kubatar askori bezala. Bera ez da iraultzaile sutsua, ezta hurrik ere; uste du kubatarrei larrutik ordainarazi dietela iraultza, eta Miamin ez dutela irlan ezer aldatzerik nahi, blokeoari esker abiatutako negozioa okertu dakien beldur.

Kubatar patxadatsuaren ospearen berri ere banuen, neurri handian zinematik, batez ere zinema kubatarretik. Baina hori ere ez da zuzena. Motz geratzen da, alegia: kubatarra, patxadatsua baino areago, etsigarria izan liteke. Atzo bazkaldu nuen jatetxean bospasei zerbitzari zeuden. Berehala haietako bat hurreratu zitzaidan, esertzeko esan eta karta ekarri zidan. Jende gehiago sartu zen eta zerbitzari berak kokatu zituen denak. Aurrerantzean ez zen inolako presarik izan. Ez zegoen horretarako denborarik. Gainontzeko zerbitzariak begira zeuden, asperdura aurpegian. Nire mahaitik sukaldea ikusten nuen. Bost sukaldari zenbatu nituen. Bat desagertu egin zen; bigarren batek patata frijituen ardura zuen, eta, lau minutuan behin edo, patatak oliotik atera eta astindu egiten zituen; beste bi begira zeuden, egia esan, ez dakit zeri begira; bosgarren batek, azkenik, ez zion lan egiteari utzi sartu nintzenetik. Bosgarren hori txinatarra zen.

Balio izan dezala arestiko karikaturak hausnarketarako, ordea. Arratsaldean, malekoi aldera paseoan nindoala, ordu laurdenean-edo, sei bat aldiz galdetu zidaten ea taxirik nahi ote nuen. Ezetz esan nien denei, ez nindoala inora. Haietako batek, honakoa esan zidan: «Inora ez joateko arinegi zoaz». Eta goizean gertatutakoa ulertu nuen. Denda baten ondoan igaro nintzenean, dendariak sartzeko esan zidan. Presa handia nuela erantzun nion eta bera berehala kendu zen nire aurretik, eta barkatzeko, asko sentitzen zuela esan zidan. Ezbehar ikaragarria bide da kubatarrentzat presaka ibili behar izatea. Nolanahi ere, etsigarriagoa da beti presaka ibiltzea; horregatik iruditzen zaigu etsigarria bizimodu patxadatsua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo